Doneztebeko ur arazoa konponduta

ttipi-ttapa 2007ko ots. 21a, 15:21

Ura berriz ere etxetara ailegatzen bada ere udaletik gomendatzen dute ortzeguna arte hortik

Joan den astelehen goizean Doneztebearrak urik gabe gelditu ziren herria hornitzen duen hodi nagusia apurtu eta gero. Azken aldi huntan ur sarean obrak egiten ari dira, eta astelehen goizean lotura bat egiten ari zirela, horren ondorioz eragindako presioak Donamariatik beheiti ura ekartzen duen hodi zaharra leherrarazi zuen. Azpimarratu behar da azken hunek 37 urte dituela, eta gaur egun erabiltzen ez diren materialekin egina dela.

Ez-beharraz ohartu bezain laster, udala eta enpresa berak ahal egin guziak egin zituzten egoera ahal bezain laster konpontzeko. Zoritxarrez, kasu horietan itaxurrak aurkitzeko erabiltzen den koloreak ez zuen emaitzarik izan. Hala ere, denbora anitz galdu bazuten ere, azkenean Ola zonaldean atzeman zuten hondatutako hodia.

Astearte goizean arazoa konpontzen ibili ondotik, ura berriz ere ailegatzen hasi zen arratsalde partean. Hala ere, bando baten bitartez, udalak jakinarazi zuen oraindik edateko ez zela ona ur garbitzeko makina ibiltzeko ur-biltegiak betea egon behar zuelako. Asteazken goizean dena normaltasunera itzuli zen, makina guziek funtzionatzen ahal zuten, hala ere Ramon Etxebeste Doneztebeko alkateak Ttipi Ttapari jakinarazi dioenez, uraren kalitateaz seguru egoteko ortzegun goiza arte ez edatea gomendatzen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun