Bertze bi eskualdeko ordezkari Nafarroako Bertsolari Txapelketan

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 20a

Eneko Laskoz irabazi zuen 2. sailkapen saioa, baina puntuazioaren arabera Alazne Untxalo eta Iñaki Alemanek txapelketarako txartela lortu zuten

Nafarroako Bertsolari Txapelketarako sailkatzeko bigarren saioa joan den ortziralean jokatu zen Arbizun. Etxarriko Eneko Laskoz, Iraizozko Ekaitz Astiz, Astizko Iker Iriarte eta Baztango Iñaki Aleman zuzenean sailkatzeko txartela zuten jokoan, eta puntuazioaren arabera bertze bi bezperako lehiakideak kontuan hartuz. Ortziralean, onena Eneko izan zen. Egin behar izan zituzten lanak burutu eta gero, zortziko handian hiru bertso, ttikian bertze hiru, 2 punturi erantzun eta gai bati buruz bina bertso, 132 puntu lortu zituen, eta beraz Nafarroako Bertsolari Txapelketan parte hartzeko baimena. 124 punturekin Iñaki Alemanek bigarren postua lortu zuen. Hirugarrena Iker Iriarte izanen zen 116,5 punturekin, eta laugarrena Ekaitz Astiz 115 punturekin.

Sailkatzeko bigarren saioa ikusita, hauexek dira, orain arte ezagunak ziren 14 bertsolariei gehitu zaizkienak. Saioak irabazi eta, Aritz Saragueta eta Eneko Laskoz, eta puntuazioaren arabera berriz, gure eskualdeko bi bertsolari, Alazne Untxalo iturendarra eta Iñaki Aleman iruritarra.

Lehen finalaurrekoa larunbatean jokatuko da Etxarri Aranazko Kultur Etxean arratsaldeko 18:00etan. Bertan Iñigo Olaetxea, Jon Barberena, Bittor Elizagoien, Julio Soto, Oier Lakuntza eta Eneko Laskoz lehiatuko dira, saioa irabazteko, eta beraz finalean zuzenean sartzeko, edo puntuazio ahal bezain ona lortzeko, eta jokoan diren bertze 5 txarteletariko bat eskuratzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun