Inauteak

Joseba eta Nerea 2007ko otsailaren 20a

Kontrabando kontuak ekarri zituen gogora koadrila honek astearteko desfilean. Behean berriz, astelehenean goiko auzoetan ibili zen gazte koadrila TTIPI TTAPA

Inauterien balorazio ezin hobeagoa egin beharrean gaude nahitaez. Besta hauek ongi joateko beharrezkoak diren gauza guztiak izan ditugu: astelehenean gazte-koadrila haundia baserriz baserriko eskean, asteartean karrozen desfile aski polita, eta batez ere, eguraldi ederra bi egunetan. Baziren urte batzuk euria izaten zela bai astelehen eta bai astearteko protagonista baina aurten eguraldi ateria izan da bi egunetan.

Astelehenean 55 bat lagun bildu ziren baserriz baserriko eskean ibiltzeko. Elutsa ostatuan gosaldu eta bi taldetan banatu ziren. Batzuk goiko auzoak egin zituzten eta bertzeek behekoak, denak traktoretan. Bazkariak Santsiñeneko Borda eta Armitx baserrietan egin zituzten. Afaltzera Anttonio ostatuan bildu ziren. Nobedade gisa, aurten kanpotik etorritako trikitilariak ibili ziren herrikoekin batera.

Asteartean karroza franko ikusi ziren eguerdian hasi zen desfilean. Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoak, txorimaloak eta beleak, mugazain eta kontrabandistak, usazaleak, eta Aita Santua bera ikusi ahal izan ziren, bertzeak bertze. Herriko Ostatuan bazkaldu eta ilunabarrean, nahiko tenorez, eman zituzten akabatutzat aurtengo iñauteriak herritar gehienek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun