Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finala martxoaren 13an eginen da Lakuntzan

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 20a

Iruritako finalaurrean Jon Elizetxe, Bittor Elizagoien eta Jon Barberena baztandarrak arituko dira, bertzeak bertze. TTIPI TTAPA

Larraintzar eta Goizuetako saioen ondotik, igandean Iruritan eginen da azken finalaurrea

Iñauterietako hotsak oraindik belarritan ditugunean, bertsotan hotzak ateratzera dator bertze behin otsailaren 13an abiatu zen Nafarroako Bertsolari txapelketa. 2005eko hau, txapelketaren aro modernoko hogeita zazpigarren edizioa da, 1936an eta 1960tik 1966ra egin zirenak kontuan hartuta hogeita hamalaugarrena. Urtero egiten den txapelketak, Nafarroa osoan bertsolaritzaren berri zabaldu eta eskualde jakinetan bertsolaritza sustatzeko asmoa du. Geroz eta aukera gehiago dago Nafarroan bertso saioak bultzatzeko. Aurten, errate baterako, bertsolaritza indartsuen dagoen eskualdea, Bortziriak, ez du ukituko txapelketak. Eta finala, Sakanak hartuko du bere baitan Lakuntzan. 1961ean ospatu zen azken finala Sakanan eta hori txapelketa honen ezaugarri nagusienetako bat da.

Gainerakoan, azken urteetako ildoari jarraituko dio. Hiru finalaurre eta finala izanen dira azken faseko saioak. Aldez aurretik Bertso Liga jokatu da ordea, sei bertso afaritan 12 bertsolari aritu dira kantari. Horrek guziak osatuko du aurtengo Nafarroako Bertsolari txapelketa.

Lehendabiziko finalaurrea otsailaren 13an egin zen Ultzaman, Larraintzarren. Xabier Silveira, Juan Mari Lopez, Joxe Juan Zubieta “Etxabe”, Erika Lagoma, Julio Soto eta Oier Lakuntza aritu ziren. Otsailaren 19an, larunbatarekin, bigarren finalaurrea Goizuetako Udaletxeko Ganbaran egin da. Estitxu Arozena, Xabier Legarreta, Iñigo Ibarra, Joseba Beltza eta aurten lehen aldiz plazaratu diren Diego Riaño eta Migel Mari Elosegi “Luze” leitzarrak aritu dira. Hirugarren eta azken finalaurrea Baztanen izanen da, Iruritako Kultur Etxean otsailaren 27an, igandearekin, 16:30etan. Bittor Elizagoien, Jon Barberena, Julen Zelaieta, Jon Elizetxe, Eneko Lazkoz eta Oskar Estanga arituko dira.

Final nagusia Lakuntzako pilotalekuan izanen da martxoaren 13an, igandearekin, 16:30etatik aitzinera. Finalaurreko saio bakoitzeko lehendabiziko bertsolaria sartuko da zuzenean (lehen saioan Xabier Silveira gailendu zen) eta gainerako bortzak lortutako puntuazioaren arabera. Finalean, beraz, zortzi bertsolari arituko dira, hasi eta bukatu.

Epaileak Jon Abril, Mikel Bujanda, Saioa Mitxelena, Gaizka Sarasola eta Joxe Urroz. Aurkezleak Alaitz Rekondo eta Mikel Taberna izanen dira eta gaijartzaileak Manu Legarra, Alaitz Rekondo, Miren Bidarte, Ekintza Landa eta Josu Etxanobe.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun