Nafarroako bertsolari txapelketaren finala igandean eginen da Lakuntzan

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 20a

Xabier Silveira, Estitxu Arozena, Julen Zelaieta, Xabier Legarreta «Arano», Joxe Juan Zubieta «Etxabe», Iñigo Ibarra, Jon Barberena eta Juan Mari Lopez izanen dira igande honetan, martxoak 13, 16:30etatik aitzinera Lakuntzako pilotalekuan eginen den Nafarroako bertsolari txapelketaren finalean. Lehendabiziko hiruak, Silveira eta Arozena lesakarrak eta Zelaieta beratarra, Larraintzar, Goizueta eta Iruritan egindako finalaurreko saioetan nagusitu ondotik sailkatu dira eta bertze bortzak puntuazioaren arabera.

Aipagarriena, ezbairik gabe, Bittor Elizagoien finaletik kanpo gelditu izana da. Saio motela egin zuen Elizagoienek Iruritako final aurrekoan, eta ez da Lakuntzan ohol gainean ariko azken 26 urteotan hutsik egin gabe txapelketan parte hartu duen eta bi txapel irabaziak dituen arraioztarra. Erika Lagoma lesakarra ere, bigarren urtez segidan, finalaren atarian gelditu da. Finalisten artean, Silveira izanen da txapela janzteko faborito nagusia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun