Mendialdeko azpiegitura lanentzat dirulaguntza deialdia atera da

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 20a

Abeltzaintza esplotazioetako instalazio edo azpiegiturak diruz lagunduko dira, pixen eta bertze hondakinen kudeaketa bertzeak bertze. TTIPI TTAPA

Nafarroako Gobernuak bertan behera utzia zuen iazko abenduan

Mendialdeko abelzaintza azpiegituretako dirulaguntza deialdia onartu du Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak. Deialdi hau otsailaren 23ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen eta udal erakundeek hilabeteko epea izanen dute dirulaguntza eskariak egiteko. Guzira 131 udalek izanen dute dirulaguntzak eskuratzeko aukera eta horretarako 1.975.603 euro bideratuko ditu Nafarroako Gobernuak. Eskatutako baldintzak betetzen dituzten inbertsioen %60 lagunduko du Nafarroako Gobernuak, gehienez ere 180.000 euroko dirulaguntzarekin. Diruz lagundutako lanak aurten egin beharko dira, edo lanaren erdia bederen abenduaren 20rako gauzatua egon beharko du, bertzenaz dirulaguntza osoa galduko baita.

Diru sail honen bidez, udal erakundeek abeltzaintzarekin lotutako laguntza ttikiak eskatzen ahal dituzte: aziendendako ur-hornidura eta elikadurarako ekimenak, belagi eta esplotazioetarako bide publikoen hobetzea, hiltegien eraikuntza edo moldatzea, ibilgailuen desinfekzio edo desinsektazio zentruen eraikuntza, baita abeltzaintza zerbitzuak eskainiko zituzten eraikin publikoak egiteko. Horretaz gain, abeltzaintza esplotazioetan bertzelako instalazio edo azpiegiturak ere diruz lagunduko dira, bertzeak bertze elektrifikazioa, telefonoa, ur-hornidura, pixen eta bertze hondakinen kudeaketa eta bertzeak.

Dirulaguntzak ez dira oraingoan aurkezpen-ordenaren arabera emanen

Joan den urteko abenduan bertan behera utzi zuen Nafarroako Gobernuak dirulaguntza deialdi hau. Horrek Bidasoaldeko alkateen harridura eta haserrea sortu zuen eta Jose Luis Etxegarai EAJ-PNVko parlamentariak erabaki haren arrazoiei buruzko galdera egin zuen Nafarroako Parlamentuan.

Diru-sail honetan sartzen diren proiektuendako dirulaguntzarik ez zen izan iaz eskualdeko Herriko Etxeentzat eta udal ordezkariek aipatzen dutenez, Nekazaritza, Abelzaintza eta Elikadura Departamentuan aurkezpen-ordenaren arabera ematen ziren subentzioak, aurrekontua akautzen zen bitartean. Honek egoera irriemangarriak sortzen zituen, eskariak aurkezteko epea irekitzen zen egunean zinegotziak lasterka harat-honatean ibiltzen baitziren, lehenbailehen iristeko intentzioarekin. Baina eskaria aurkezten lehenbizikoa izateak ere ez zuen deus segurtatzen, pertsonalki aurkeztutako eskarien aitzinetik bertze batzuk agertzen baitziren, inork ez dakien bidetik.

Aurkezpen-ordenaren irizpide hori aldatu egin da deialdi honetan. Honela, eskariak baloratzeko ahalmena Abelzaintza Azpiegituren Batzordeari eman zaio. Batzorde honetan Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak eta ordezkaritza gehien duten bi nekazaritza sindikatuek, UAGN eta EHNEk parte hartzen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun