Urtero bezala, martxoko hirugarren igandean irekiko da amoarrain eta izokin arrantzarako sasoia. Aurten martxoaren 20an izanen da denboraldi irekiera. Hasiera ohiko tenorean izanen bada ere, arrantzarako araudian hainbat aldaketa izanen dira. Seguruenik, garrantzitsuena, ohiko amuaren debekua izanen da. Hemengo arrantzaleek barren aldera koxka bat, arponcillo delakoa, duten amuak erabiltzen dituzte, amoarraina hobeki hartzeko balio duena. Orain, koxkarik gabeko amuak erabili beharko dituzte eta horrek zailtasuna handituko du, amoarrainak ihes egiteko aukera gehiago izanen baititu. Orain arte heriotzarik gabeko arrantzan bakarrik erabiltzen zen amu mota hau, amoarrainak ahalik eta guttien sufritzeko.
Aldaketa gehiago ere izanen dira araudian. Asteko egun guzietan arrantza egiteko aukera izanen da, asteartetan izan ezik. Orain arte ortzegunak izaten ziren arrantza debekua zuten egunak. Orain arte, amoarrain denboraldia uztailaren 31n akautzen zen, baina aurten abuztuaren 1etik irailaren 30era ere arrantza egiteko modua izanen da, hori bai, amoarraineri heriotza eragin gabe eta berriz ere errekara bueltatuz. Bidasoa errekan amuki naturala debekatua dago maiatzaren 31 arte Donezteben, Ezkurra errekak isurtzen duen tokitik beheiti; Ezkurra errekan, Zubietako zubitik beheiti eta Ezpelura errekan Oizko zubitik beheiti.
Izokin arrantzari dagokionez, 75. Izokina arrantzatzen den egunean itxiko da. Uztailaren hirugarren iganderako kopuru hori beteko ez balitz, orduantxe itxiko litzateke denboraldia. Izokinendako eremua Bidasoa errekan Doneztebeko San Tiburtzio presatik Endarlatsa bitartean eta tarte horretan, Bidasoara isurtzen duten errekatan dago.