Martxoaren 10ean, ortzegunarekin, 18:30etan abiatuko da Korrikaren hamalaugarren edizioa Orreagatik “Euskal Herria euskalduntzen, ni ere bai!” izenburupean eta Bilborako bidean, hiru sartu-ateraldi eginen ditu ttipi-ttapak hartzen duen eskualdean. Lehenbizikoa, ortziral goizaldean berean eginen du Baztanen. Olague eta Belate igaro ondotik, aurreikuspenak betetzen badira martxoaren 11ko goizaldeko 1:52etan sartuko da Berroetan, 2:18etan Zigan izanen da, 2:44etan Iruritan, 3:03etan Elizondon, 3:36etan Arizkunen, 3:55etan Erratzun eta 4:54etan Izpegiko lepotik igaro ondotik, Baxenafarroarako bidea hartuko du. Iparraldeko hiru hiriburuak, Donibane Garazi, Maule eta Baiona, pasatu ondotik, Azkainera martxoaren 12an, larunbat goizaldeko 2:53ak aldera ailegatuko da Donibane Lohitzunetik. Senpere (3:26), Cherchebruit auzoa (4:37) eta Dantxarineatik 5:10etan pasatu ondotik, Otsondoko kaxkoan goizaldeko 6:34etan iritsiko da euskararen aldeko lasterkaldia. Handik Elizondora jautsiko da 7:39etan. Euskal Herri osoan Korrika bitan igarotzen den herri bakanetakoa izanen da Baztango hiriburua. Elizondotik Doneztebera ailegatuko da 9:10etan, Lesakako zubira 11:10e-tan, Lesakara 11:20etan, berriz ere Lesakako zubira itzuliko da 11:27etan, Berara 11:46etan eta Endarlatsan 12.22etan, Gipuzkoan sartzeko. Larunbat eta igande arteko gauerdian sartuko da berriz ere Korrika Leitzaldera. Hernani eta Ereñozu igaro ondotik, igande goizaldeko 0:30etan Aranoko kruzean izanen da, 1:15etan Goizuetako Iskibi kanpinean, 1:35etan Goizuetan, 2:40etan Leitzeko zentralean, 3:12etan Basakabiko bidegurutzean eta 3:45etan Leitzako sarreran. Leitzatik Uitziko Gaina igaroz, Lekunberri eta Larraun aldera hartuko du Korrikak, gure eskualdea behin betirako utziz.
Korrika Txikia eta Korrika laguntzaile
Korrikarekin lotutako bertzelako ekitaldiak ere antolatuko dira herriz herri. Baztango herrietan korrika txikiak egingo dituzte: Martxoaren 7an Oronoz eta Arraiozeko eskolek Oronozen, goizean. Martxoaren 8an Almandoz eta Zigako eskolek Almandozen egingo dute, goizean. Martxoaren 11n: Erratzu eta Arizkungo eskolek Erratzun, goizez. Amaiur eta Azpilikuetako eskolek goizez Amaiurren. Iruritako eskolan Iruritan, goizez eta Gartzaingo eskolak Gartzainen goizez. Baztan ikastolak eta San Frantzisko Xabier Ikastetxeek martxoaren 11n egingo dute goizeko 12etan Elizondoko plazan. Lesakan herri bazkaria antolatua da eta ostatuek zozketa eginen dute.
Bertze aldetik, Korrika laguntzaile kanpainaren bitartez, AEKk jasan dituen erasoei aurre egiteko aukera ere eskaintzen da. Euskal Herrian 300 komertziotan beherapenak izateko aukera dauka Korrika laguntzailea egiten duenak, 12 euroren truke.