6 hektarea erre dira Beran

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 19a

Ortzirale eta larunbatean Oronozko su-hiltzaileek 5 aldiz atera behar izan dute suteen itzaltzeko

Joan den ortzirale eta larunbatean Oronoz Mugairiko su-hiltzaileek behin baino gehiagotan atera behar izan zuten mendian piztutako suteak itzaltzeko. Lehen interbentzioa ortzirale eguerdian Beran egin behar izan zuten Komizarra izeneko lekuan. Herriko Su-hiltzaile boluntarioak ere bertaratu ziren. Laster mugitu baziren ere, suak haizea lagun zuela, 6 hektarea erre zituen, 5 sastraka eta bertze bat pino. Egun berean, arratsaldeko 15:00ak aldean Otsondora joan behar izan zuten, Berakoa baino ttikiago izan zen, baina hala ere, hektarea bat pino erretzeko astia izan zuen. Iluntsean berriz ere parketik atera behar izan zuten Iruritara joateko, hor ere fin ibili ziren, eta Ezkizin deitutako lekuan hektarea erdi bat harizti baizik ez zuen suntsitu. Ortziralean gure eskualdean gertatuko azken sutea, Donamarian izan zen arratsaldeko 21:00etan. Su-hiltzaileek sua guztiz kontrolatu arte 3 hektarea sastraka erre zituen. Larunbat arratsaldean, Beran, bezperako leku berean bertze foku bat piztu zen, baina berehala itzaltzea lortu zuten. Kasu guzietan, su-hiltzaileek ez zuten lan erraza izan ortzirale eta larunbatean haizeak azkar jotzen baitzuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun