Dagoeneko erabakiak dira Laxoa Elkarteak antolatzen duen Baztan Errekako VIII. Paxaka Txapelketako finalerdiak. Aurtengoan 8 talde aurkeztu ziren, eta finalerdietara sailkatzeko ligaxka jokatu behar izan zuten bi multzotan banaturik. Txapelketa urtarrilaren 27an hasi zen. Geroztik, bi multzoetan, talde guziak bertzeen aurka aritu dira. Horiek horrela, A multzoan, Irurita E taldeak, Cesar Iñarrea, Jesus Etxenike eta Guillermo Etxenikek sailkapeneko lehen postua hartu zuten, eta Irurita B taldeak, Oskar Urrutia, Igor Urrutia eta Andres Elzainzinek bigarrena. B Multzoan, azkarrenak Ipar Izar taldeko Cristian Mendiburu, Hari Idoate eta Iñaki Mendiola izan ziren, hortaz, lehen postua lortu zuten. Hauen ondotik Irurita C taldeko Martin Alfaro, Iñaki Etxandi eta Migel Bidegain bigarren gelditu ziren. Horiek horrela lau hirukote horiek dira finalerdietara pasatuko direnak.
Ipar Izar taldekoak Irurita B taldearen aurka arituko dira heldu den ortziralean arratsaldeko 19:00etan Iruritako pilotalekuan. Bigarren finalerdia, Irurita E eta Cren artekoa ere, Iruritan jokatuko da, baina larunbatean arratsaldeko 17:00etan.