23 urte azpiko Binakako Urrezko Aizkora Txapelketako bigarren finalerdia joan den igandean jokatu zen Leitzako Amazabal pilotalekuan. Gure eskualdeko aizkolariak, Jon Rekondo eta Ander Erasun hagitz ongi aritu ziren, eta joan den urteko txapeldunak, Mugertza anaiak, menean hartu zituzten finalerako txartela lortuz. Anitzen erranetan bizkaitarrak ziren faboritoak, baina Nafarrek ez zuten hala ikusten, eta denbora hagitz onak egin zituzten, sei probetatik lau berenganatu zituzten.
Lehenean, 45 ontzako bat moztu behar zuten ahal bezain kolpe guttiagorekin. Jon eta Anderek 41 behar izan zituzten, eta Ugaitz eta Aratzek berriz bertze 4, 45 hain zuzen ere. Bigarren proban bi 45 ontzako zituzten mozteko, eta huntan ere leitzarra eta aurtiztarra izan ziren azkarrenak. Minutu eta 56 segundo behar izan zituzten, aurkariek berriz 2 minutu eta 4 segundo. Hirugarren proba, 45 ontzako zutik, bizkaitarrentzat izan zen, baina guttigatik 2 segundo baizik ez baitzieten kendu. Mugertazatarrak minutu eta 11 segundoz moztu zuten, eta Erasun eta Rekondok minutu eta 13 segundoz. Laugarren proban 60 ontzakoa etzanda zuten mozteko. Huntan ere, gure eskualdeko ordezkariek ederki baliatu zuten ordu arte atera zuten aldea handitzeko. Enborra minutu eta 50 segundoz moztu zuten, eta aurkariek berriz 2 minutu eta 4 segundo behar izan zituzten. Azken aurreko proba, Ugaitz eta Aratzek irabazi zuten, 36 ontzako bi enborrak mozten minutu eta 48 segundo pasa zituzten, eta Ander eta Jonek bertze 14 segundo. Hala ere, proba huntan ere denbora gutti galdu zuten. Iraupeneko proba hastekoa zela, Nafarrak aitzinean ziren, baina guttigatik, beraz, 45, 54 eta 60 ontzako moztu beharreko bina enbor erabakigarriak izanen ziren. Zorionez Rekondo eta Erasunentzat, azken proba, ordu arteko lehiaren isla izan zen. Guttigatik izan bazen ere, gure eskualdekoak berriz ere nagusitu ziren denbora hagitz ona eginez, 9 minutu eta 57 segundo. Mugertza anaiek ere denbora polita egin zuten, 10 minutu eta 27 segundo. Kontuak egiterakoan tarte gutti zen bi bikoteen artean baina 40 segundogatik finalerako txartela Jon Rekondo eta Ander Erasunentzat izan zen. Lan guzien betetzeko 17 minutu eta 39 segundo behar izan zituzten, eta Ugaitz eta Aratzek berriz 18 minutu eta 19 segundo.
Igandeko lehiaketa ikusi baino lehen ez zirudien Aldape eta Atutxa garaitzeko bikoterik bazegoela, baina azken norgehiagoka huntan leitzarrak eta aurtiztarrak erakutsi duten mailarekin, pentsa daiteke heldu den larunbatean Azpeitian jokatuko den finala irekia izanen dela, eta edozein bikotek irabaz zezakeela, Aldape eta Atutxak edo Rekondo eta Erasunek.