Baztan Bidasoako UGT sindikatuaren ustez, Legasa eta Donezteben artean dauden lurretan jardun industrialak ahalbideratu ahal izateko premiazkoa da Nafarroako Gobernuak zerbait egitea. Gaur egun Arcelor enpresaren lurrak dira baina ez ditu deusetarako baliatzen.
Sindikatuak Ttipi Ttapari prentsa ohar baten bidez jakinarazi dioenez enpresa bat baino gehiagok erakutsi du Baztan Bidasoan finkatzeko asmoa baina ez dute tokirik lortzen. Aipatutako zelaiak 20.000m karratu ditu eta bertan proiektuak garatu ahal izateko Nafarroako Gobernuak tramiteak ez baditu errazten edo bultzatzen, UGTren arabera, interesatuak dauden enpresak Aragoira joanen dira.
Egoera hori ikusita UGT Nafarroako Gobernuarengana zuzendu da neurriak har ditzan. Sindikatuaren ustez Arcelorek lur eremu hori baliatu beharko luke proiektu industriala garatzeko eta beraz lanpostuak sortzeko, edo bestenaz, saldu beharko luke interesatuak diren enpresei.