Ander Erasun eta Jon Rekondo finalean sar daitezke

ttipi-ttapa 2007ko ots. 16a, 16:56

Iazko txapeldunak izanen dituzte aurkari, baina orain arteko maila erakusten badute aukera badute

23 urte azpiko Binakako Urrezko Aizkora Txapelketaren bigarren finalerdia igandean jokatuko da eguerdiko 12:00etan Leitzako Amazabal pilotalekuan. Alde batetik, joan den urteko txapeldunak Mugertza anaiak, eta bertzetik, gure eskualdeko Ander Erasun aurtiztarra eta Jon Rekondo leitzarra arituko dira finalean Aldape eta Atutxaren aurka aritzeko. Hauxe da ahal bezain laster igandean egin beharko duten lana, 45 ontzakoa kolpeka, 45 ontzakoa erlojuaren aurka, 45 ontzakoa zutik, 60 ontzakoa etzanda, 36 ontzako bi enbor eta iraupeneko proban, 36, 45 eta 60 ontzako bina enbor.

Iazko txapeldunak izanik, mutrikuarrak dira faboritoak, baina ligaxkan ongi aritu badira ere, ez dute aparteko maila erakutsi. Bestalde, Nafarrak, etorkizunari begira egiten ari zaizkien kritika onak egiaztatzen ari dira. Ligaxka maila ederra erakutsi dute, eta finalerako sailkatzen badira ez litzateke batere ezustekoa izanen. Gainera, pentsa daitekeenez, gure eskualdeko aizkolariek publikoa haien alde izanen dute.

Finala, nagusien txapelketarekin batera otsailaren 24ean jokatuko da Azpeitian. Hala ere Leitzan edozein bikote sailkatuz gero, zaila izanen dute finalean zain dauden Aldape eta Atutxaren aurka. Badirudi aurten garaitezinak direla.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun