Aritz Saraguetak lortu du Nafarroako Bertsolari Txapelketan aritzeko lehen txartela

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 16a

Alazne Untxalok gaurko saioaren arabera lortu dezake txarteletariko bat

Nafarroako Bertso Txapelketarako sailkatzeko lehen saioa atzo arratsaldean jokatu zen Iruñeko Iruñeazar Euskaltegian. Bertan, 40 bat lagunen aitzinean, Alazne Untxalo, Garazi Taberna, Aritz Saragueta eta Aimar karrika lehiatu ziren jokoan zen Nafarroako Txapelketarako txartela lortzeko asmoz. Ortzegunean, Aritz Saragueta izan zen hoberena. Maila horretan duen esperientzia ederki baliatuz, bertzeak baino guttiago urduritu zen, eta batzutan lerratu bazen ere, bertso politak atera zituen. Bertze hiruek ez ziren gaizki aritu, baina presioa zela eta, ez ziren hain lasai aritu. Egin behar izan zituzten lanak burutu eta gero, zortziko handian hiru bertso, ttikian bertze hiru, 2 punturi erantzun eta gai bati buruz bina bertso, epaileek emaitzak jakinarazi zituzten. 134 punturekin saioko irabazlea eta Nafarroako Txapelketan parte hartzeko sarrera lortu zuena, Aritz Saragueta izan zen. Alazne Untxalo Iturendarra bigarren gelditu zen 127,5 punturekin. 3. postua Aimar Karrikarentzat izan zen 123 puntu lortuz. Garazi Taberna laugarrena izan zen 113,5 punturekin. Beratarrak sailkatzeko aukerarik ez badu, bertze biek ortziraleko saioa jokatu arte itxoin beharko dute puntuazioaren arabera txapelketan sartzen diren ala ez jakiteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun