Martxoaren 10ean iraganen da Arkupeak elkarteko Xabierraldia

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 16a

Aste bat beranduago nahi dutenek Costa del Sol-era joateko aukera izanen dute

Urtero bezala Arkupeak erretiratuen elkarteak Xabierrera ateraldia eginen du. Aurten martxoaren 7an izanen da asteazkenarekin. Bertaratu bezain laster, ohitura duten bezala eguna mezarekin hasiko dute eguerdiko 12:00etan. Ondotik Xabierko jatetxean bazkalduko dute. Horretarako bazkari polita prestatuko dute. Bertze hainbat gauzen artean, otarrainxka, zainzuriak, kroketak, piper beteak, itsaski koktelak, eta bildots errea izanen dira menuan. Beti bezala, otordu on batentzako bertze osagaiak ere ez dira faltako, hala nola, postrea, ardoa, cava eta kopa bertzeak bertze. Hori guzia digeritu ahal izateko, dantzatzeko aukera izanen dute, Ramontxo akordeoilariak dantzaldi eskainiko baitu arratsaldeko 16:30etik 18:30era. 18:45ean handik aterako dira etxera itzultzeko. Egun guzirako prezioa 30 eurokoa izanen da autobusa eta bazkaria barne. Interesatuak daudenak otsailaren 26a arte izanen dut haien izena emateko elkartera deituz 948 450 878 telefonora.

Martxoaren 19tik 28ra Costa del Solera

Bertzalde, martxoaren 19tik 28ra bidaia antolatu dute Costa del Solera. Nagusiki Fuengirola herrian egonen dira baina hurbil diren hainbat herri ere bisitatuko dituzte. Hortaz, batetik itsasoaz gozatzen ahalko dute eta bertzetik, Granada, Ronda eta Nerjako lezeak bisitatu. Kosta alde batera utziz eta barnealdera sartuz, seigarren egunean Sevillara joanen dira, eta hor ere, probintziako herriak eta altxor turistikoez gozatzen ahalko dute, hala nola, Morako upategiak eta Kordobako mezkita. Bidaiak 10 egun iraunen du, etxetik kanpo 9 gau pasatuko dituzte, 2 Almuradielen joaterakoan, eta etortzerakoan 4 Fuengirolan eta 3 Sevillan. Autobusa, pentsio osoa, gehi antolatzaileek aurreikusi dituzten bisita guziak barne, bidaiaren prezioa 545 eurokoa izanen da logela bikoitzak hartuko dituztenentzat, eta 715 eurokoa bakarkako logelak hartuko dituztenentzat. Parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute otsailaren 22an goizeko 11:00etatik 12:00etara 948 450 878 telefono zenbakira deituz. Ordainketa 4 egun beranduago eginen da, otsailaren 26an, goizeko 10:00etatik 11:00etara Elkarteko egoitzan edo herrietako ordezkari bati dirua emanez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun