Lurreko Telebista Digitala urtea bukatu baino lehen paratuko dute

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 16a

Egin beharreko lanak betetzeko Nafarroako Gobernuak 2,5 milioi euro baztertu ditu

Lurreko Telebista Digitalaren hedadura zabaltzeko Nafarroako Gobernuak 2,5 milioi euro baztertu ditu aste huntan. Inbertsio horrekin hainbat lan eta azpiegitura finantzatuko dituzte. Aurreikusi dutenez urte bukaera baino lehen Nafarroako herrialdearen % 95ean zerbitzu hau izaten ahalko da. Horretan sartzen dira Baztan, Bertizarana, Malerreka, Leitzaldea eta Bortziriak. 2010eko apirilean sistema analogikoa desagertuko da eta sistema digitalak ordezkatuko du. Azken hau dagoeneko martxan da herri handietan. Gaurko egungo kateak eskaintzeaz gain, bertze batzuk ere proposatzen ditu, guztira 20 bat. Seinale digitalarekin irudiaren kalitatea anitzez hobeagoa da, baina teknologia berriekin maiz gertatzen den bezala, herri ttikietan eta mendikoetan ez da oraindik ailegatu.

Obrak bi fasetan eginen dituzte, lehenean, hedadura, herrialdeko %91ra zabaldu nahi dute ekaina bukaera baino lehen, eta bigarren fasean, %95era urtea bukatu baino lehen. Goramendiko azpiegitura lehen fasean paratuko dute, beraz, Baztanen, Lurreko Telebista Digitala lau hilabete barru izan beharko lukete, gure eskualdeko bertze herriek berriz 10 hilabete barru.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun