Zalaingo tubo lantegiaren lanpostuak eta produkzioa kolokan

Aitor AROTZENA 2007ko otsailaren 15a

Zalaingo lantegiko Enpresa Batzordeko ordezkariak eskualdeko alkate eta zinegotziekin bildu ziren otsailaren 17an, Condesak aurkeztutako plan industrialaren eta egoeraren berri udal ordezkariei zuzene

CONDESAK plan industriala aurkeztu ondotik

Zalaingo lantegia erosi zuen Condesa enpresak lantegi honetarako plan industriala aurkeztu zuen urtarrilaren 12an. Plan horren arabera, produkzioa ez ezik lanpostuak ere murriztuko dira Zalainen 2007a bitartean. Zalainen eraikuntzarako eta moblegintzarako egiten den egitura tuboaren produkzioa bertatik kendu nahi du Condesak eta kalibratutako eta autogintzarako tuboan espezializatu nahi dute, errentagarriagoa delakoan.

Prozesu honen eraginez, produkzioa erdira jautsiko da 2007. urtera arte eta ehun lanpostu inguru galduko dira. Industria Plan honen arabera, Zalaingo produkzioa 2003ko 213.000 Tonatik 2007rako aurreikusi den 111.500 Tonako produkziora pasatuko litzateke, erdia baino guttiago. Produkzio jautsiera honek, lanpostuen murrizketa ere eraginen luke, 2003ean zeuden 474 langileetatik 340 langiletara. Batez ere behinbehineko lanpostuak, ebentualak, desagertuko dira eta hori somatzen hasi da dagoeneko lantegian. Sindikatuetatik jakinarazi dutenez, joan den urteko urritik 50 lanpostu inguru galdu dira, kontratua akautzen zuten behin behineko langileei ez baitzaie kontratua berritu eta dagoeneko 420 langile inguru ari dira Zalainen. Produkzioan ere hasia da jautsiera somatzen. ELAko Fermin Altzugaraik jakinarazi duenez, «2002an izan zen produkziorik handiena, 220.000 Tona eta 2004an 167.000 Tonakoa izan zen. Horrek erran nahi du iritzi komertzialak eta plantillakoak beraien kabuz ezartzen joan direla».

Plana denboran oraindik gehiago luzatuko da, 2010. urtera arte. Ordurako lantegiaren produkzioa zerbait igoko da, 117.000 Tona arte eta 2007an baino 50 langile gehiago izanen omen ditu lantegiak, 390 lagun.

Industria Planaren arabera, 15 milioi euroko inbertsioak eginen dira Zalainen, labe berri bat, zizalla eta akaberako lerroa instalatuko baitira 2010erako. ELAko ordezkariaren erranetan, «lantegia 1997an berrinauguratu zenean, orain planteatzen dena baino inbertsio aunitzez handiagoa egin zen, 3.500 milioi pezetakoa, tartean diru publikoa zela. Orain makina erdiak desmantelatu nahi dituzte eta gero eginen dutela inbertsioa, baina gerokoa potentziala da». Aurten eta heldu den urtean, gaur egun fabrikak dituen zazpi makina kenduko lirateke.

Zalaingo Enpresa Batzordea osatzen duten sindikatuek (ELAko 5 ordezkari, LABeko 4, UGTko 2 eta CCOO eta Confederacion de Cuadroseko bana) ez dute begi onez ikusi plan hau. Produkzio eta lanpostu galeraz gain, egiturako tubo produkzioa uzteak eragina izanen du Lesakan Aceraliak duen produkzioan. Enpresa Batzordea Zalaingo zuzendaritzarekin biltzen hasi zen, baina enpresak, sindikatuen proposamenak baztertu eta negoziazioa eten zuen. Geldialdi hau saihesteko, enpresa batzordeak zuzenean Condesako zuzendaritzarekin bildu nahi du martxoaren 10ean. Bilera honetan gertatzen denari buruz informazioa emanen zaie Zalaingo langileei biharamonean egin gogo den batzarrean.

Historia luze eta korapilotsua

Aceralia Tubos, SLren bizi korapilatsua 1970ean hasi zen Laminaciones de Lesaka lantegiaren barnean eta Luberrondoko plantan. 1973an, greba luze baten ondotik, AHVk erosi zuen Laminaciones, eta handik guttira Zalainen eraiki zen tutu lantegi berria. 1990. hamarkadaren hasieran, Espainiako siderurgiaren birmoldaketa sakonaren ondorioz, AHV eta Ensidesak bat egin zuten, CSI sortuz. Geroago, Aceralia izenarekin, elkarketa berri bat egin zen, Arbedekin. Eta azkenik, Usinorekin bat eginez, Arcelor sortu zen. 2004ko ekainean, Zalain eta Berriobeitiko plantak, Arcelorek Nafarroan zituen bi tutu lantegiak, Arabako Condesa konpainiaren parte izatera pasatu ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun