• Uxue Barkosi erantzunez, José Montilla ministroak adierazi du Nafarroako Gobernuak ez zuela “euskararen eremurako” inolako lizentzia-aukerarik tramitatu.
• Urtarrilean, Nafarroako Parlamentuko alderdi guztiek eta “euskararen eremuko” udal eta mankomunitateek «arazo honendako soluzioa» eskatu zioten UPNren Gobernu eta Industria Ministerioari.
• Gai honen inguruan hitzaldia emanen du Uxue Barkosek martxoaren 11n Lesakan.
Baztan-Bidasoan eta Sakana-Leitzaldean telebista lokalak legeztatu ahal izateko, Plan Teknikoa aldatzea eskatu zioten Nafarroatik Industria Ministerioari. Badakizu zertan dagoen afera?
Ez. Orain bi gobernuen eskuetan dago gai honetan aurrera egitea. Aste honetan Plenorik ez zegoenez, ez dut aukerarik izan ministroari pertsonalki deus galdetzeko. Dena den, Nafarroako Parlamentuko alderdiei dagokie orain gai honetan sartzea sakontasun osoarekin. Gainerakoan, duela aste pare bat Espainiako Kongresuko Bozeramaileen Batzordean gertatutakoa izanen da azkena. Batzorde hartan telebista digitalaz aritu ginen, eta postura tinkoa hartu zuen Nafarroa Baik, urgentziazko tramitea geldiaraziz, eta aldaketa-proposamenak sartzeko aukera irekiz. Horretarako epea datorren astean bukatzen da, eta Nafarroaren antzera dauden komunitateetarako, bigarren hizkuntzan arituko den telebista-demarkaziorik ez dagoenean, dauden telebistak 2008a bitarte mantentzea proposatuko dugu. Hau da, deialdi berria ateri arte alegaltasuna mantentzea, “nolabait legalki” beti ere, ministroaren “borondatean” utzi gabe.
Nolako jarrera antzeman duzu estatuko alderdi nagusietan?
Sozialistekin hitzegin nahi dut, lehenbizi Nafarrokoekin eta gero Ministerioarekin, ea posible den aldaketa hori lortzea. Gai honetan klabea da sozialisten jarrera, eta momentuz argitzeko dago zein izanen den hartuko duten postura. Dena den, egia da Espainiako hizkuntzekiko Jose Montilla ministroaren jarrera beti positiboa izan dela, katalana baita, eta bi hizkuntza dutenen jarrera izugarri desberdina izaten da generalean.
Halere, Kontzesioen Baldintza Pleguak zehazten duenez, telebista lokal guztiak derrigorrez gaztelaniaz emititzera behartu nahi ditu Nafarroako Gobernuak.
Gure ustez hori legearen kontrakoa da.
Nola ikusten duzun Nafarroan sortu den egoera?
Harritzekoa da zein anbizio gutxi agertu duen UPN-CDNren gobernuak demarkazioen aukerak Ministerioari eskatzerakoan. Anbizio makal horrek agerian jartzen du, beharbada, zein diren UPNren interes mediatikoak. Bestetik, Espainian izanen den Telebista Digitalaren Lege berri honek oso kontuan hartzen du, eta azpimarratu egiten du, ofizialak eta koofizialak diren hizkuntzen babesa. Beraz, ulertezina da ikustea nola momentu honetan Nafarroan dauden euskarazko bi telebista bakarrak, Europako Batasunaren dirulaguntza hartu dutenak gainera, ez dutela Nafarroako Gobernuaren babes legalarik eta ezin dutela lortu legeztatzen prozesuan sartzea. Inork ez dio Nafarroako Gobernuari dirulaguntzarik eskatu, laguntza legala baizik. Horregatik diot, Nafarroako Gobernuaren egiazko interesak mediatikoak direla.