Martxoaren 6an jokatu ziren Iruñean Nafarroako paleta-goma txapelketako finalak, lehen eta bigarren mailan. Bi finaletan eskualdeko ordezkariak izan ziren, Lesakako Batzoki elkarteak antolatutako txapelketatik sailkatutako pilotariak hain zuzen.
Bigarren mailan txapeldun suertatu ziren Urdazubiko Patxi Jaurena eta Oronoz-Mugairiko Carmelo Berho, 35 eta 31 irabazi baitzieten finalean Iruñeko Etxarte eta Calvori. Partida zaila irabaztea lortu zuten Jaurena eta Berhok, hamar tantuz gibeletik izan baitziren. 22-22 eta 23-23 berdindu ondotik, 29-31 galtzen ere joan ziren, baina azkeneko sei tantuak beraien alde erori eta txapela jantzi zuten. Bikote berezia osatzen dute, urdazubiarrak 22 urte bertzerik ez eta Oronozkoak 43 baititu. Berhok urteak daramazki paleta goman aritzen eta gan den urtean txapelketa honetako finalerdira ailegatu zen Bittor Txoperena igantziarrarekin. Jaurena, aldiz, paleta goman hasi berria da, oraintsu arte eskuz aritzen baitzen Txarutarekin. Lesakako txapelketan azpitxapeldun izan ziren bigarren mailan. Berhok aipatu digunez, «hagitz partida kaxkarra egin genuen». Orai, berriz, Nafarroako txapeldun izan dira.
Lehen mailako finalean aldiz, Guillermo Antxordoki eta Bittor Txoperena igantziarrek osatutako bikoteak aisa galdu zuen Monreal eta Olaberriren kontra, 16 eta 35. Lehendik ere faborito ziren Monreal eta Olaberri, normalki txapelketetan Nafarroa ordezkatzen duen bikotea osatzen baitute, baina finalean Antxordoki eta Txoperenak txapelketako partidarik kaxkarrena jokatu zuten. Finalerdian, Lesakatik sailkatutako bertze bikotea kanporatu zuten igantziarrek, Santesteban irundarrak eta telletxea lesakarrak osatutakoa.