Martxoaren 13an jokatu zen Iruritako Aranabia pilota plazan Baztan-Errekako seigarren paxaka txapelketaren finala. Aurtengoan, jakina zen, Iruritan bertan geldituko zela txapela, finalera ailegatu ziren bi hirukoteak herrikoak baitziren. Alde batetik, Urtasun, Etxenike eta Ballarena aritu ziren, hau elizondarra, eta bertzetik Elizaintzin eta Urrutia anaiak. Azken hauek lehen ere txapela irabaziak ziren, 2001. urtean hain zuzen. Gainera, lehendabiziko jokua beraiek egin zuten eta bazirudien lanak emanen zizkietela aurtengo faborito nagusiei. Baina Urtasun, Etxenike eta Ballarena pixkanaka gailentzen joan ziren eta azkenean, 9-5 irabazi ondotik, lehen aldiz txapela jantzi zuten. Ez zen hor akautu iruritarren besta. Finalaren aitzinetik jokatu zen hirugarren posturako norgehiagoka eta honetan, 2002. urtean txapeldun izan ziren Zabaleta, Santxotena eta Ripak 9 eta 5 irabazi zion azken bi urteetan, 2003an eta 2004an txapeldun izan ziren Oizko Mendiola anaiak eta Fagoagari.