Nafarroako Bertsolari Txapelketan sartzeko saioak bihar eta etzi

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 14a

Irabazleak sailkatuko dira eta bertze bi puntuazioaren arabera

Nafarroako Bertsolari txapelketa heldu den martxoaren 24an hasiko da Etxarri Aranazen, baina parte hartuko duten 18 bertsolarien artean 4 oraindik aukeratzekoak dira. Horretarako ortzegunean eta ortziralean sailkapen saioak eginen dituzte Iruñean eta Arbizun, bietan eskualdeko ordezkariak izan ditugu. Lehena Iruñezar Euskaltegian iraganen da arratsaldeko 19:30ean, eta bigarrena berriz, Argibidea Elkartean gaueko 10:00etan. Irunean, Garazi Taberna, Alazne Untxalo, Aimar Karrika et Aritz Saragueta dira lehiatuko diren bertsolariak. Biharamunean, Arbizun, Eneko Lazkoz, Ekaitz Astiz, Iker Iriarte eta Inaki Aleman arituko dira txapelketarako baimena eskuratzeko asmoz.

Egin beharko duten lana berriz, hauxe izanen da. Zortziko handian hiru bertso, ttikian bertze hiru, 2 punturi erantzun eta bukatzeko gai bati buruz bina bertso. Bi saioetako irabazleek zuzenean sailkatuko dira aurtengo Nafarroako Bertso Txapelketarako, eta bertze biek puntuazioen arabera lortuko dute txartela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun