«Endarlatsa eta Irun bitarteko N-121-A errepide berriko lanak 2007 urte hasieran hasiko dira eta 2009ko martxorako akautuko, lehendik jarritako epeak betetzen ari direlakoz». Horrela jakinarazi zuten Gipuzkoako Diputazioko eta Nafarroako Gobernuko ordezkariek, Donostian martxoaren 9an egindako bileraren ondotik. Javier Zuriarrain, Bide Azpiegituretako Gipuzkoako diputatua eta Alvaro Miranda, Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikabidetako kontseilaria bildu ziren Donostian, duela urtebete eskas bi administrazioek errepidea egiteko Etxalarren sinatutako hitzarmena nola gauzatzen ari den aztertzeko. Dena programatutakoaren arabera gauzatzen ari dela azpimarratu zuten.Endarlatsako zubi berriari buruz solas politak eskaini zituzten Zuriarrain eta Mirandak. Bidasoa erreka bere balio ekologikoarengatk babestua dagoenez, ez du pilarerik izanen, eta polita eta arina izanen omen da. Seguruenik Javier Manterola ingeniari nafarrak eraikiko du eta bi lurraldeen arteko lotura denez «erranahi berezia» eman nahi diote. Gipuzkoak eta Nafarroak erdibana ordainduko dute zubi berria.
Berrizaun eta Bera arteko tartea oraindik behin betikoz onartu gabe segitzen du, lehenik Bera-Irun tartea moldatu eta horren arabera eginen delako. Kontseilari nafarra martxoaren 17an bildu zen eskualdeko alkateekin gai honi buruz solasteko. Mirandaren ustez, «ez du zentzurik Belateko ardatzaren zati gehiago moldatzea, ibilgailu pilaketa handiena sortzen duen zati nagusia, Bera eta Irun artekoa, aitzinetik ez bada moldatu».