Condesak urtebete lehenago eginen du inbertsioa Zalainen

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 14a

Condesako zuzendaritzak Zalaingo tubo lantegiko enpresa batzordeko kideekin martxoaren 14an egindako bileran jakinarazi zuenez, Zalainen egin beharreko inbertsioak urtebete lehenago eginen dira, 2009an. Horretaz gain, zuzendaritzak adierazitakoaren arabera, tuboa produzitzen duten 7 makina ez omen dira inbertsioa berriak egin baino lehen kenduko. Honela, Zalaingo produkzio ahalmena 2009 urtera arte mantenduko da, guttienez.

2005-2010 Plan Estrategikoan egindako aldaketa hauek baikortasunez hartu dituzte Enpresa batzordeko kideek, baina zuzendaritzak ez du argitu oraindik zer gertatuko den inbertsioak egiten direnean soberan gelditzen ahal diren langileekin.

Momentuz, enpresaren lehen asmoekin segituz, kalibratutako tubo fabrikazioa sendotuko da eta berehala produkzioko bosgarren txanda bat eginen omen da, 20 bat lanpostu berri sortuz. Datu berri hauek aztertzeko asmoa du Enpresa batzordeak, zuzendaritzarekin egin beharreko hurrengo bilerarako, ahal bada iritzi bateratua aurkezteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun