Azken urteetako langabezi tasarik handiena dago eskualdean

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 14a

659 langabetuetatik gehienak, 366, emakumeak dira. TTIPI TTAPA

659 langabetuk emana zuten izena otsailean Doneztebeko Bulegoan

Otsail hondarrean 659 langabetuk izena emana zuten Doneztebeko Enplegu Bulegoan, urtarrilean baino 17 gehiagok. Kopuru horrek azkeneko bortz urtetako langabezi datu kaxkarrena utzi digu. Joan den urteko azarotik, Baztan, Bertizana, Malerreka eta Bortzirietako langabezi tasak %37,85 goiti egin du eta Nafarroa osoko lan merkatuan, bizilagunen arabera langabetu kopuru handiena da eskualde honetakoa.

2004ko urtarrilean 620 langabetu zeuden eskualdean, kopuru handia, baina urte osoan jausten joan zen, urrian zeuden 466 langabetuak arte. Kopuru hau, azken bortz urteotako ttikienetako zen, baina azaroaz geroztik kasik 200 langabetu gehiago daude inguru honetan. Azaroan zerbait goiti egin zuen langabeziak, 494 langabeturekin, baina igoerarik kezkagarriena abenduan izan zen, 624 langabeturekin %26,3 igo baitzen kopurua.

Adinaren arabera, 105 langabetu 25 urtez beheitikoak dira, 48 emakume eta 57 gizaseme, eta gainerako 554 langabetuak 25 urtez goitikoak, 236 gizaseme eta 318 emakume. Beraz, osotara, 366 emakume eta 293 gizon daude langabezian, urtarrilean baino 6 emakume eta 11 gizon gehiago.

Lan sektoreei dagokienez, langabezia industrian, zortzi langabetu gehiagorekin, eraikuntzan eta zerbitzuetan igo zen. Aitzinetik lanik egin gabeko langabetuak hiru ziren otsailean.

Egoerak hobetuko duen itxurarik ez du

21.364 bizilagun hartzen dituen eskualde batean 659 langabetu izatea kopuru kezkagarria da eta ez dirudi, epe motzean, egoera hobetuko denik. Zalaingo tubo lantegian Condesa enpresak aurkeztu duen Plan Industrialaren arabera, produkzioa ez ezik lanpostuak ere murriztuko dira lantegi honetan. Horrek eragina izan dezake lantegi horren inguruan sortu diren zeharkako lanpostuetan ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun