Aurtengo azken inauteriak

ttipi-ttapa 2007ko ots. 14a, 15:33

Bihartik hasita, Nabarten, Donezteben, Etxalarren, Beran eta Lesakan ospatuko dira

Ortzegunetik hasita aurtengo azken inauteriak ospatuko dituzte eskualdeko hainbat herrietan, tartean, Nabarten, Donezteben, Etxalarren, Beran eta Lesakan. Narbarte herri ttikia izanik bertako inauteriak ez dira hain ezaguna, baina urtero egitarau polita prestatzen dute herritarrek ongi pasa dezaten. Ortzegun gizenarekin, eskolako haurrek emanen diote hasiera herrian barna ibiliko baitira. Ondotik elkarrekin bazkaria izanen dute, eta arratsaldean berriz jokoak antolatu dituzte hurbilduko diren gaztetxo guzientzat. Ortzirale arratsean afaria izanen dute herriko akordeoilariek alaiturik. Larunbatean herri guzietan bezala, gosariaren ondotik etxez etxe ibiliko dira eskian. Eguna bukatzeko, bezperan bezala eguna afariarekin bukatuko dute. Igandea izanen dute inauterien azken eguna. Eskian ez dira ibiliko, baina denak batera ostatuan bazkalduko dute Salaberri akordeoilariak bazterrak animatu dituela.

Donezteben, ortzegunetik larunbatera iraunen dute. Ortzegunean afaria besterik ez dute izanen Aranzoko elkartean. Biharamunean berriz, goizetik hasita, gazteak baserriz baserri ibiliko dira. Eguerdi aitzin eskolako haurrek herriko karriketan desfilatuko dute horren kari prestatu dituzten mozorroekin. Arratsaldean dantzatzeko aukera izanen da Agerralde akordeoilariak dantzaldia eskainiko baitu. Inauterien azken egunean, larunbatean, Arozena ostatuan bazkalduko dute gazteek, eta ondotik karroza eta mozorroen desfilea eginen dute herrian barna.

Lesakako inauteriak ere ortzegun gizenarekin hasiko dira. Herriko gaztetxoak arrautze-arrautze kantatzen eta eskia egiten ibiliko dira herriko alde zaharrean. Ortziralea eta larunbata libre izan eta gero, igandean, bertako inauteriak hain famatuak egin dituen Zaku-zaharren eguna ospatuko dute. Arratsaldeko 17:00etan Zaku-zahar ttikiak eta mairuen desfilea eginen da, eta ordu bat beranduago helduena. Ilunabarrean Gaubela taldeak dantzaldia eskainiko du plaza zaharrean. Astelehenean, Fraindarrak eskian ibiliko dira, eta 12:00etan orgen desfilea ikusgai izanen da. Eguna bukatzeko bezperan bezala dantzaldia izanen da plaza zaharrean Gaubelaren eskutik.

Beran, ortzegunean, herriko gazteenak haurren Iñude eta Artzaiak eginen dituzte. Biharamunean ez da deus berezirik izanen eta larunbatean berriz, 18:00etatik aitzinera kaldereroak. Larunbatean goizean goiz hasita helduen Iñude eta Artzaiak ikusgai izanen dira Agerra auzotik Altzateko plazaraino. Inauterien azken egunean, astelehenean, goizean zingarra eta arrautzak eskatzen ibili ondotik arratsaldean kalejira eginen dute 18:00etatik aitzinera.

Etxalarren, asteburuan ospakizunik ez dute izanen eta astelehenean hasiko dira. Goizean elkarrekin gosaldu ondotik, bi taldetan banatuko dira; batzuk goiko auzoetara joanen dira eta bertzeak beheko auzoetara.Eguerdian talde bakoitzak baserri batean eginen du bazkaria; goiko auzokoek Usategietako usazaleen txabolan eta beheko auzokoek Armitxen. Arratsean, Anttonion bilduko dira guztiak afaltzera. Biharamunean asteartean, eguerdi aldera plaza bazterrera agertuko dira hainbat koadrilek egindako karrozak, eta kalejiran ibiliko dira, trikitilari eta bertzelako mozorroekin batera. Eguerdiko bazkaria Herriko Ostatuan izanen da. Aurten berrikuntza gisa, gazteen arteko jokoak eginen dira astearte arratsaldean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun