Etxebizitzarako alarmak

Ainara MINDEGIA 2007ko otsailaren 14a

TTIPI TTAPA

Prezioa ez ezik, lortu nahi den segurtasun gradua ere hartu behar da kontuan

Azken urteotan garatuz doan iraultza teknologikoak ez omen du eraginik izan lapurretaren kontrako alarma sektorean, nahiz eta horrelakoak geroz eta gehiago eskatzen dituen jendeak etxeetan jartzeko. Salmenta gora doan arren, adituak aitortzen duenez, oraino ez da asmatu lapurra izitu eta, garbitu nahi duen etxean sartu aitzinetik, kezka sortzeko sistema perfektua. Diseinuan ere aurrera egin den arren, lapurretaren kontrako alarmen funtzionamenduak ez du aldaketarik izan: kanpoan tutua hasi, lapurrak bere burua nabarmen sentitzen du eta ihesi doa.
Familia bakarreko etxebizitzak ohoinari sortarazten dion interes biziak ederki azaltzen du zergatik bilakatu den honelako alarmen instalazioa ohiko kontua. Nolanahi ere, eraikin horien nagusiak ez dira alarmaren erabiltzaile bakarrak. Lapurretak ugaldu ahala, pisuetan ere alarmak jartzea biderkatu egin da. Joan den urteko lehen sei hilabetean Espainia osoan ia 40.000 salaketa aurkeztu ziren, hau da, lapurreta bat 7 minutukogertatu zen, gutienez. Datu hauek nabarmen frogatzen dute oinarrizko neurriak hala nola oporretara goazenean leihoak erabat ez ixtea edota gure irteeren gaineko arrastorik ez ematea ez direla aski.
Alarma jartzeak etxebizitza erasoezin bihurtzen ez badu ere, zerbait bermatzen du (alarmak zarata bakarrik egiten badu eta inongo zentralekin konektaturik ez bada) gutienez: lapurreta gertatu eta berehala Poliziari horren berri gaztigatzea. Alor horretan lortu dira aurrerakuntza handienak. Alarma aktibatuz gero, enpresari horren informazioa iristen zaio, zentral jasotzaile baten bidez. Monitore bati esker, alarma ziztuka ari dela gaztigatu eta Poliziari dei egiten dio, unean bertan. Lapurreta enpresa batean gertatu baldin bada, alarma saldu eta instalatzeaz arduratu den etxeak nagusiari edo erantzuleari ere dei eginen dio.

Kontuz sasi-alarmekin

Eskuratu nahi duzun segurtasun-sistema alarma-zentralarekin konektaturik dela segurtatzeko, aparatua erosten duzun denda edo enpresa Poliziaren Zuzendaritzako Enpresen Erregistroan izen emana dagoela egiaztatu beharko zaizu. Era horretan, urtebeteko mantenu-kontratu bati esker, zure etxean norbait bortxaz sartzekotan esku hartzeko ekipoa igortzeko konpromisoa hartzen du enpresa saltzaileak. Kontratuaren hiru kopia egin behar dira, denera: batekin zu geratuko zara, bertzea enpresarentzat da eta hirugarrena Poliziarentzat.
Alarma instalatuz gero, zaintza-zentroa etxeko nagusi edo arduradunarekin kontaktuan jarriko da, bere pasahitz eta klabea jakinarazteko. Alarma piztu eta pasahitza inork ez markatzekotan, zentroak etxe horretara dei egin eta (bi alderdiek bakarrik ezagutzen duten) klabea eskatuko dio. Pasahitza markatzean arduradunak hanka sartu baldin badu edo nahasi egin bada, aski da telefonoz klabea ematea. Klabe hori zuzena ez bada, ordea, berehala Polizia azalduko da bertara.
Etxeko nagusiaren hanka sartzeagatik alarma bigarren aldiz piztu baldin bada, horixe gertatzen den hirugarrenean Legeak xedaturiko isuna ordaindu beharko du: 3.000 eta 30.000 euro bitartekoa, alegia.

Alarma sistemak

Alarma aukeratzean, interesatuak nahi edo premiazko duen segurtasun-gradua izan behar du gogoan. Badira hainbat alarma-sistema desberdin: hortik hasita, erabiltzailearen zaletasun eta egin nahi duen gastuaren arabera, aukerak ere ugari dira. Hona:
IRRATI BIDEZKOA: irrati-frekuentziaz funtzionatzen du (433 megahertz),1998ko Europako arautegiaren arabera. Kontsola batek, sistema konektatu eta deskonektatzeko teklatuak eta agintez osaturik dago. Kamera bat ere onartzen du sistema honek. Bai kamerak, bai jasogailuak, biek funtziona dezakete sarean konektaturik edo baterien bitartez, erabateko autonomia lortu nahi bada. Irrati bidezko alarmak dira gehien saltzen direnak, instalazio erosokoak baitira.

Abantailak:
•Instalatzeko ez da obrarik egin behar.
•Hari bidezkoa baino merkeago da.
Eragozpenak:
•Hari bidezkoa baino zaintza-maila apalagoa.

HARI BIDEZKO SISTEMA: etxe osoan hariak instalatu behar dira, zaintza gabeko alderdirik izan ez dadin.

Abantailak:
•Zaintza etxe osoan bermatzen du

Eragozpenak:
•Kasuen arabera, ez dago instalatzerik zoLa altxa eta paretak zulatu gabe, hori nahitaezkoa delako hariak jartzeko.
•Instalazio eta mantenu garestia. SENTSOREEN SISTEMA BOLUMETRIKOA: Sentsoreen sistema bolumetrikoa: uhin-luzerak determinatu jarduera-alorrean mugimendua atzematen dute. Oinarriz, kontrol-unitateak, kontsolak, sistema konektatu eta deskonektatzeko edo alderdiak kanpoan uzteko teklatuak osatzen dute. Alderdi mesedegarriena (etxebizitza handietan, eskertzeko modukoa): nagusia alderdi batean dela, inor ez dabilen gainontzekoak zain ditzake bertatik. Abantailak: - Erabiltzaileak berak eraginiko segurtasuna bermatzen du. Eragozpenak: - Gainerako sistemetan baino erraxago piztu daiteke alarma.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun