Hasi aurretik
Lana erraz eta eraginkorrago izateko, hobe dugu honako tresna hauek eskuratzea: eskailerak, babesteko zinta, maindire edo zatarren bat (pintatu ezin daitezkeen elementu finkoak estaltzeko), espatulak, lixa, eragilea, pintura zaharra kentzeko behar dena; gutienez, hiru tamainetako pintzelak, ile sintetiko edo naturalekoak (hauek garestiago badira ere, gehiago irauten dute); arrabolak azalera handiak, sabaiak eta paretak pintatzeko eta, azkenean, ontziak. Arrabola aukeratuz gero, bandeja beharko dugu; pintzela nahiago izatekotan, gaiak nahasteko adibidez, bestelako ontziak ere izanen ditugu premiazkoak. Hermetikoki ixtekoak baldin badira, hautatu horrelakoak: nahasketa bera aurrerago erabiltzeko aukera emanen digute eta.
Nola aukeratu pintura
Pintura kontuetan jakitun ez bazara, lortu nahi den bukaera eta dagokion azalerarentzat pintura egokiena aukeratu aurretik, hobe dugu aholkua eskatzea. Kolorea zaletasunen arabera aldatzen den arren, zerrenda komertzial batekoa izan edo nahasi behar ditugun tonuak erosita ere, hamaika aukera ditugu eta, hortaz, erabaki aurretik ongi finkatu behar dugu iritzia. Zerrenda komertzialetako koloreak azalera ttiki-ttikietan agertzen dira baina, errealitatera eramanik, dezente bizi eta agresiboago dirudite. Beraz, bainila tonuko horia nahi badugu, hobe da beilegi hitsa daukan potea aukeratzea. Kontuan hartu, horrez gainera, kolorearen tonua argitasunak aldatzen duela. Kopuruak kalkulatzeko, estali beharreko azaleren zabalera eta luzera neurtu behar ditugu, tarteak (leihoak, ateak, ea.) salbuetsi gabe. Hobe da guk hautatu dugun pintura horren litroak zenbat metro pintatzen duen eta zenbat esku eman behar diren hornitzaileari galdetzea, emaitza on-ona erdietsi nahi badugu.
·Latex eta sabaientzako pinturak. Berehala lehortzen dira, pintatzeko unean usain gutti dute eta erraz aplikatzen dira. Bukaera matea du. Metal, azulejo eta zeramiketan izan ezik, gainerako azalera guzietan emateko aproposa. Litroak 12 metro kuadro estaltzen ditu.
·Satinola. Aurrekoa bezain azkar lehortzen ez denez, pintatzeko unean usain bizi-bizia du eta pintatzea ez da kontu erraza (orbanak sor daitezke berdin-berdin margotu ezean, tantak eta arrasto itsusiak nabarmenduz). Gaizki pintaturiko atalak ez du konponketarik: pareta osoa margotu beharko da berriz ere. Bukaera distiratsua da. Komeni da igeltsuzko bukaera fin-fina duten azaleretan bakarrik ematea. Litroak 12 metro koadro estaltzen ditu.
·Esmalte sintetikoa. Azkar lehortzen da, pintatzeko unean usain gutti du eta aplikatzeak ez du inolako arazorik ematen. Bukaera distiratsua du. Komenigarria metal eta egurrezko azaleretan emateko: marko eta leihoetan, kanpoaldean paregabeko erresistentzia du.
·Pintura plastikoa. Azkar lehortzen da, pintatzeko unean usain gutti du eta, jakina denez, uretan garbitzeko aukera du abantaila nagusia. Aplikatzeak ez du arazorik sortzen eta, aunitz estaltzen duenez, sabai eta paretak pintatzeko egokia da. Litroak 20 metro kuadro estaltzen du.
Lanaren antolaketa
Pintatze-lanetan hasi aurretik hobe da gela egurastea eta, berehala, hautsik altxa ez dadin, ate-leihoak ixtea. Bertzenaz, hautsa pintura hezeari itsatsiko litzaizkioke. Pintatzen hasteko modurik egokiena hauxe da:
•Lehen urratsa: hasi sabaia pintatzen. Paretetara igaro aurretik, eman sabaiari behar dituen esku guztiak.
•Bigarren urratsa: paretak. Hasi pareta bateko eskuineko goi bazterretik; hurrengo azalerara igaro aurretik, aurrekoa erabat bukatu behar dugu beti. Eskualdi guztiak norabide berean emanen ditugu.
•Hirugarren urratsa: ate-leihoak. Estali beti zintarekin pintatu behar ez diren elementuak (bisagrak, sarrailak, beirak, ea.).
•Laugarren urratsa: zokaloak, lurzoruko ertza zintarekin estalita, pinturaz zikin ez dezagun.
Pintatzeko lana profesionalen esku uzten bada...
hainbat kontu gogoan izan beharko ditugu. Prezioa zehazteko bi oinarriak honako hauek dira: pintatu beharreko metro koadroen kopurua batetik, eta pintura-mota bestetik. Azken honek lanaren prezioa zerbait altxa dezake, baina ez askozaz ere garestiago bihurtu. Gaur egun dauden pinturak erabiliz, ez da ohiko kontua etxea gauez hutsik utzi behar izatea, lanaren antolamenduak hainbat gela libre edukitzea ahalbideratzen diolako langileari. Ahal den neurrian, haien lana erraztea komeni izaten da, altzariak baztertuz edo koadroak kenduz, laneko denbora eta, horren ondorioz, fakturako munta murriztu eginen delako.
Pintatzea eta ekologista izatea
Etxea pintatutakoan, tresneria eta pintura poteak behar den edukiontzian uzteaz gainera, kontuan hartu honako hauek ere. Pintatzen ari den bitartean eta lana amaitu ondotik ere ingurugiroa zaintzeak merezi du: gogoan izan gai horiek biziki toxikoak direla, sekula ez biodegradagarriak. Material horiek tratatzeko sistema egokia, beti bi ontzi erabiltzea da: lehendabizikoan brotxak, poteak eta tresneria garbituko ditugu eta, azkenean, ontziak berak. Ur (edo olio) eta disolbatzailez osaturiko pintura guztietarako balio du horrek. Ez ahantzi, ontziak mugitu ohi izatearen eraginez pinturako solidoak likidotik bereizten direla eta, horrela, osagai bakoitza eskuratzea errazago izanen dugula.