Etxeari bizia ematen dioten lanparak
Argi eta itzalen arteko kontrasteek itxura berria ematen diote etxeari. Eta efektu hori nabarmentzen laguntzen dute lanpara berrien diseinuek, orain arte ikusten ez ziren itxura, neurri eta koloreak erabiliz, eta lanparen izaera praktikoari izaera dekoratzailea ere gehituz.
Batetik estilo minimalista duten lanparak ditugu, beira eta altzairuzko mundu batera eramaten gaituztenak. Betiko lanpara klasikoak zokoratu eta itxura aerodinamikoa duten kristal eta letoizko lanparek hartu dute haien lekua.
Argien distirek luxu eta fantasiazko mundu batera garraiatuko gaituzte. Pieza borobilak edo espiralean osatuak, metalizatuak edo nakarezkoak… etxeari dotorezia emanen dioten piezak azken batean. Beharbada, kristalak ematen duen glamourra atseginago izanen duzu. Hala bada, Bohemiako kristalarekin eginak eta sabaitik zintzilik dauden bolatxoez osatutako arte-lanek maiteminduko zaituzte, forma obalatuak edo karratuak osatuz. Holakoekin, %100ean gardenak diren lanparen edertasuna deskubrituko duzu.
Ausartenentzat poliamidazko hariekin egindako modeloak daude, itxura obalatukoak, magiaz betetako argia zabaltzen dutenak.
Gainerakoan, gustoko duzuna sinpletasuna baldin bada, Asia ekialdeko itxura lasaietan inspiratutako lanparak dituzu aukeran, paper serigrafiatuzko bola handiak. Lanpara hauek mistizismo eta lasaitasuna emanen diote etxeko xokorik lasaienei. Zutikako lanparak ere badituzu estilo honetakoak, etxeko xokoei argi xuabea eta goxoa emateko ezin aproposagoak.