Orrazketa aproposa aukeratzeko, kontuan hartu behar da andregaiak eramanen duen soinekoa, osagarriak, ilearen luzetasuna, ilea nolakoa den eta aurpegiaren forma. Komenigarria da nahi duzun orrazkeraren inguruko ideiaren bat edukitzea, zure estiloarekin bat etorriaz, gustura sentitzeko.
Profesionalek aholku batzuk emanez lagunduko zaituzte:
• Soinekoaren eskotea aitzineko aldean izanez gero, ile sueltoa edo erdi bildua eramatea gomendagarria da.
• Sorbalda agerian baldin bada, orrazkera gora bilduz nabarmendu behar da.
• Andregaien artean ile motza gero eta gehiago ikusten da. Kasu horretan osagarri txikiekin apaindu daiteke (loreak, lumak...) edo ordezkoetara jo.
• Aurpegiera gogorrentzako ez da gomendagarria orrazkera-bildu tiranterik egitea, horrek oraindik gehiago gogortuko bai du aurpegiera. Holakoetan hobe da ile sueltoa eramatea.
• Aurpegi obalatuak dira orrazkera aukera gehien ematen dutenak. Aurpegi borobilak orrazkera bildu altu batekin estilizatu egiten dira, eta luzeak, burute batekin leundu.
• Orrazkera guztientzako bada dotorezia eta originaltasuna ematen duen azken ikuturik: loreak, lumak…
Ile-apaindegian emanen dizkizute hobe doazkizun apaingarrien inguruko gomendioak.