Joan den asteazkenean Malerrekako Eskuz Binakako txapelketako helduen finalerdiak jokatu baziren, igandean, kimu eta benjaminen txanda izan zen. Zoritxarrez eskualdeko ordezkaririk ez zen izan horraino talderik ez baitzen ailegatu.
Kimuen mailan, lehen finalerdian, Burlatako Sarasa eta Alduntzin, Oiartzungo Ugalde eta Irigoien aurka aritu ziren. Norgehiagoka orekatua izan zen, baina azkenean, bi punturengatik gipuzkoarrak nagusitu ziren 18 eta 16. Bigarren finalerdian, bi bikoteak Burlatakoak ziren, Nobal eta Agirre I., eta, Eransus eta Orrio. Partida huntan aldea nabarmenagoa izan zen, lehenek 18 eta 12 irabazi zuten. Martxoaren 10ean beraz, Ugalde eta Irigoien, eta, Nobal eta Agirre I. arituko dira finalean.
Benjaminetan, lehen finalerdia orekatua izan zen. Burlatako Eskiroz eta Agirre II.a, Tolosako Iturbe eta Peñaren aurka neurtu ziren finalerako txartela lortu nahian. Huntan ere alde handia ez bazen izan ere, azkenean gipuzkoarrak 18 eta 16 nagusitu ziren. Bigarren finalerdia aldiz, guztiz alde batekoa izan zen. Olaztiko Fernandez eta Grados ez zuten lan anitz izan Burlatako Santesteban eta Saldias menean hartzeko. 3 tanto besterik ez zieten utzi. Sakanakoek 18 eta 3 lortu zuten finalerako txartela. Hortaz, benjaminen mailan, Tolosa eta Olaztiko pilotarien artean jokatuko da aurtengo txapela, Iturbe Peña eta Fernandez Gradosen artean hain zuzen ere.