Paxaka txapelketaren finalerdiak otsailaren 24ean jokatuko dira

Aitor AROTZENA 2007ko otsailaren 13a

Zortzi hirukoteetatik bortz Iruritakoak dira paxaka txapelketan. TTIPI TTAPA

Zortzigarren edizioa azken txanpan sartuko da Iruritako Aranabian

Laxoa elkarteak zortzigarren urtez antolatutako paxaka txapelketaren finalerdiak otsailaren 24ean jokatuko dira Iruritako Aranabia pilotalekuan. Aurtengo txapelketa, normalean baino beranduago hasi zen, baina azkarrago erabakiko da. Izan ere, zortzi hirukote ari dira, bi multzotan banatuak. Hasierako ligaxkan hirukote bakoitzak hiru partida bakarrik jokatu ditu (otsailaren 10ean jokatu zen azken jardunaldia) eta multzo bakoitzeko lehenbiziko eta bigarren sailkatuek jokatuko dituzte finalerdiak hilaren 24ean: 17:00etan A multzoko lehena B multzoko bigarrenaren kontra eta ondotik, A multzoko bigarrena, B multzoko lehenaren kontra. Finala eta hirugarren posturako partida, berriz, martxoaren 3an jokatuko dira Iruritako Aranabian. 17:00etatik aitzinera hirugarren postua erabakiko da eta ondotik, aurtengo txapeldunak eta txapeldunordeak zein diren jakinen da.

A multzoan Oitz (Iker Bereau, Ugutz Zelaieta eta Jose Agustin Mindegia); Irurita E (Cesar Iñarrea, Jesus Etxenike eta Guillermo Etxenike); Irurita A (Joseba Urtasun, Mitxel Etxenike eta Mikel Ballarena) eta Irurita B (Oscar Urrutia, Igor Urrutia eta Andres Elizaintzin) ari dira.

B multzoan, berriz, Lapurdiko Ipar Izar (Cristian Mendiburu, Hari Idoate eta Iñaki Mendiola); Doneztebe (Jesus Mª Mitxeltorena, Josu Juanena eta Eduardo Oiartzabal); Irurita D (Cesar Sarratea, Iñaki Zabaleta eta Xabier Ripa) eta Irurita C (Iñaki Etxandi, Migel Bidegain eta Martin Alfaro) ari dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun