Otsanzko Maria Madalena kapera xahar berritzen ari dira

Franck DOLOSOR 2007ko otsailaren 13a

Otsanzko Maria Madalena kapera Senpere, Zuraide eta Uztaritzeko mugan dago. Orain, zaharberritze lanean ari dira. Utzitako argazkiak

«Otsanzko Maria Madalena» kaperaren lehen aipamena, «Hôpital du Paradis» izenarekin Iruñeko artxiboetan 1249 urtean aurkitzen da. Garai horietan, Jondoni Jakobe bidean, toki hau trikaldi edo geldialdi gune bat bezala erabilia zen. Bainan artxiboetan ez da jakiten nor izan zen eraikuntza hunen bultzazale arduraduna. Zuraide, Senpere eta Uztaritzeko mugan kokatzen da kapera. Egitura hau ohargarria da bere xinpletasunari esker. Hemezortzi metro luze eta zazpi metro zabal. Eliza barnean ikusten ahal dira lurretik bi metro gainean bi lehio uztaituak abantsu metro bateko luze. Harresiak eraikiak ditu inguru hurbilean hartu harriekin. Aspaldiko sinesmenetan erraten da, basa-eliza izan zela, giristinoen Jainkoaren ohorez, Lapurdin, eraikia izan zen lehen tenplua.

«Territoire d'Otsantz (edo Otsauntz)» deitura erabilia izan zen Frantziako Iraultza arte. Lurralde hori oihanez eta haritzez estalia zen, kasik ezin zilatuzko leku galdu batean. Pentsatzen ahal da, toki hortan zirela elgarrekin gerizatu, 4-7garren mendetako Asiatiko inbasio garaian. Lapurdiko lehen girixtinoak, bazter hartzaileetatik urrun, beren erlisioneari jarraitzeko eta beren hilak ehortzeko. Leon Sainduak, Espainiatik itzultzean hor meza bat eman omen zuen. Frantzes Iraultza aitzin Uztaritze, Senpere eta Zuraideko parropiako jendeak Otsanzko Maria Madalenaren kaperan biltzen ziren euria edota denbora ederra eskatzeko.

Haristoy apezak 1883 urtean argitaratu zuen liburuan aipatzen du kaperan bi tailu bazirela Maria Madalena saindua errepresentatzen zituztenak. Bat Senpereko elizaren erretaulan ezarririk dago eta bertzea pentsatzen da Amotzeko kaperan den tailua dela. 1789ko Frantses Iraultza ondoren, ondasun nazional gisa saldua izan zen kapera. Iduriz bere erosleak, beste eraikuntza zerbaitarako, teilatu eta hormaren zati handiak barreatu zituen

Gaur egun kaperaren antolatzeko lanak DRAC Gai kulturalen lurraldeko zuzendaritzaren eskuetan dago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun