Inauterietako hotsak bukatzearekin batera hasiko da Nafarroako Bertsolari Txapelketa 07, otsailaren 24an. Batzuk brometarako gogoa atzendua izanen dute ordurako. Hilabeteko ibilbidea egin ondotik zenduko da martxoaren 24an, Elizondon. Aurtengoan 36. edizioa beteko du Nafarroako txapelketak.
Etxarri Aranazko Kultur Etxean hilaren 24an 18:00etan hasiko den lehen finalaurre honetan Iñigo Olaetxea, Jon Barberena, Bittor Elizagoien, Julio Soto, Oier Lakuntza eta sailkapen fasetik datorren bertsolari bat ariko dira.
Bigarren finalaurrea Goizuetako udaletxean eginen da, 18:00etan. Julen Zelaieta, Joxe Juan Zubieta «Etxabe», Diego Riaño, Iñigo Ibarra, Jon Elizetxe eta sailkapen saioko bertsolari bat ariko dira.
Martxoaren 10ean, Berriozarko Musika Eskolan 18:00etatik aitzinera eginen den finalaurrean Xabier Silveira, Erika Lagoma, Migel Mari Elosegi «Luze», Oskar Estanga eta sailkapen fasetik datozen bi bertsolari ariko dira.
Finalaurretatik 8 bertsolari sailkatuko dira finalerako. Finalaurre bakoitzeko lehena eta gainerako bortzak puntuen arabera. Final nagusia Elizondoko Lur dantzalekuan izanen da, martxoaren 24an, 17:30etik aitzinera.