Errotako lanak egiteko bi langile kontratatu nahi ditu Udalak

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 13a

ttipi-ttapa

Eskabideak otsailaren 23rako aurkeztu behar dira

Zubietako Udalak, zerbitzu anitzetako bi langile kontratatu nahi ditu, errotan ehotze lanak, kanpo eta barrualdeko garbitasuna, instalakuntzen mantenimendua, sarrerak kobratu, bisita gidatuak eskaini eta gisako lanak egiteko. Kontratuaren iraupena, hasiera batean, 10 hilabetekoa izanen da, martxoan hasita. Lanpostua lortu nahi dutenek eskolaritate ziurtagiria edo baliokideren bat izan beharko dute, euskaraz jakin eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuan inskribatuak egon, enplegu-eskatzaile gisa. Euskara dakitela frogatzeko, Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako Gaitasun Ziurtagiria edo ofizialki baliokidetzat jotzen den titulazioa aurkezten ahal da, edo bertzenaz izangaiak hizkuntza maila aski duen zehazteko frogak gaindituz.

Interesatuek, eskabideak aurkeztuko dituzte Zubietako Herriko Etxean, otsailaren 23ko goizeko 11k baino lehen. Eskabideari atxiki beharko diote kurrikuluma dokumentatua. Hautaketa egiteko euskara probak otsailaren 26an, 9:00etan eginen dira eskolan. Otsailaren 27an, ordu eta leku berean, egin beharreko lanei buruzko ezaguera neurtuko zaie hautagaiei, zenbait galdera labur edo test bat idatziz erantzunez. Egun horretan ere epaimahaiarekin elkarrizketa eginen da eta lanpostuarekin erlazionatuak dauden gaitasunak baloratuko dira.

Urte sasoiaren arabera, langileek lanaldi ezberdinak izanen dituzte. Behe-sasoian, aste batean bat eta hurrengoan bestea arituko dira; udan, aldiz, biak batera arituko dira, bisitari asko izaten direlako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun