Mari Jose Telletxearen heriotzak goibel eta triste utzi du herria

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 12a

Otsailaren 3an hil zen, 31 urterekin, gaixotasun larri baten ondorioz

Gaur zeharo hunkiturik nator Ezkurrako berriak ematera, hau da neska gazte baten heriotza buruz zerbait aipatzera. Orain dela hilabete batzuk minbiziak bete betean harrapatu zuen Mari Jose gaztea, bere birikak birrinkatuz eta azkenengo arnasa otsailaren 3an eman zuen.

Nolakoa zen agur esan digun 31 urteko neska? Sendi edo familia langile baten alaba eta bi anaien arreba. Ezkurran jaio zen eta gaztetxoa zelarik gurasoen granja batean lanean hasi zen untxiak hazten. Garai motz batean Ultzamako lantegian ere lan egin zuen, baina urte gehienak bere etxean. Gaitzaren aztarnak azaldu eta indartzen hasi zirenean lana utzi behar izan zuen.

Otsailaren 4an egin ziren hileta elizkizunak. Nik ez dut nere bizian hainbeste jende ikusi herri honetan. Ermitatik hasi eta Desalderaino bazter guziak kotxez beterik eta jende pilo bat elizatik kanpo. Zergatik jendearen erantzun aipagarri hau? Erantzuna oso errexa da, bere nortasunagatik. Neska jatorra, atsegina, alaitsua, umoretsua, langile amorratua eta lagunen laguna. Herriko antolaketa guztietan parte hartzen zuen: jaietan, iñauterietan… sekulako afizioa zuen jokuetarako eta mus txapelketetan txapela jantzi zuen behin baino gehiagotan. Edozeini laguntzeko prest. Oraindik gogoratzen dugu herriko gazte baten lan istripua, eta berak nola zaindu zuen ospitalean eta bere etxean, osatu arte.

Aipagarriena hau da, gaitza madarikatuak harrapatu zuenean aurpegi alaitsuz azaltzen zela kalean eta ez zuen onartzen jendearen urrikaltasunik, alderantziz, berak animatu. Guraso, anai eta lagunak dira lekuko. Ahalegin guztiak egin zituen gaitza menperatzen eta bazirudien irabaziko ziola, hobeto sentitzen hasi zelako, baina azkenean ez zuen lortu.

Momentu txar honetan aholku bat bakarrik ematen eusartuko naiz sendi eta lagunei. Alde batetik, beldur eta lotsarik gabe negar egiteko nahi gabe galdu duzuelako Mari Jose, eta beste aldetik, jendearen erantzuna ikusirik, bere irudi eta izaera laztana, maitagarri, adoretsu eta atsegina altxorra bezala gordetzeko zuen bihotzean eta harro sentitzeko horrelako emakumearen adiskidetasuna bizi eta gozatzeko aukera izan duzuelako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun