Inauterietan hagitz tenperatura hotza izan badugu ere, ez da jendea izitzeko gai izan, ekitaldiek arrakasta haundia izan baitute. Ortziraleko emakumeen afarian 114 emakume bidu ziren giro ederrean. Emakume gehienak taldeka mozorratzen dira eta aurten ere halaxe izan da: Tuna bat, mimoak, flamenko taldea, hirukiak, indiarrak eta bertze hainbat mozorro ikusi ahal izan ziren. Afalondotik karaokea eta Mikel Salaberriren musika izan zuten. Gazteen ohiko eskeaz gain, larunbat arratsaldean haurrentzat berendua eta Agerralderen musika izan zen Ulibeltzak elkartean. Larunbat gauean giro polita zegoen ostatuetan, baina igandeko karrozen desfilerako indarrak gordetzen ditu jendeak. Igandean 11:00etan hasi zen karrozen desfilea: Aita Santuaren bigarren bisita, barraskilo bihurriak, Hamelingo txirularia, twister, txirrindulariak, safaria, Malaia operazioa, boxeo izarrak, Greenpeaceko itsasontzia eta tortilla, opilak, gaztainak eta ardoa doan banatzen dituzten karrozak ikusteko aukera izan zuten herrira etorri ziren 2.500 lagun inguruk. Halere, plater nagusia frontoian izan zen. Desfilearen 25. urteurrena zela eta, Sunbillako zirku mundiala egin zen. Frontoia jendez beteta zegoen, aunitz lekurik gabe gelditu ziren. Pailazoak, lehoi hezitzaile xelebrea, gizon eta ostrukaren arteko lasterketa, nabal jaurtitzailea eta jendea ahozabalik utzi zuen «hombre bala» izeneko probak jendearen irrifarrak eta txaloak erakarri zituzten. Ondotik bazkaria izan zen Ulibeltzak elkartean, eta Jalisko Banden musikarekin akitu ziren inauteriak.