Urtero Xabierko gaztelura egiten den erromesaldian, Javierada famatuan parte hartzeko autobusa antolatu du aurten ere Doneztebeko Erreka kirol elkarteak. Martxoaren 10ean izanen da irteera. Apuntatzeko, Titi ostatura joan behar da edo 948 450271 telefonora deitu. Dagoeneko izen emateak egiten ahal dira eta epea martxoaren 7a bitarte zabalik izanen da. Autobusaren prezioa 15 eurokoa izanen da Erreka elkarteko bazkide ez direnentzat eta 12 euro bazkideentzat.
Irteera goizeko 5etan izanen da eta autobusa Iruñeraino joanen da. Handik Xabierrera dauden 42 kilometroak oinez egin beharko dira. Gero, autobusak Xabierren bertan hartuko dituzte eta Doneztebera itzuliko dira. Xabierrerako erromesaldia erlijio ospakizuna da berez, baina oinez ibiltzea gustoko dutenek eta lagunarte atsegina pasatu nahi dutenek ere ederki gozatzen dute.