23 urte azpitiko Binakako Urrezko Aizkorako txapelketako lehen finalerdia joan den larunbatean jokatu zen Diman. Gure eskualdeko ordezkariek Oihan eta Garikoitz Larretxeak txapelerako faborito nagusiak ziren Atutxa II eta Aldaperen aurka aritu ziren. Nafarrak duten maila erakutsi zuten, baina aurten bizkaitar hauei irabaztea ia-ia ezinezkoa da hain osasuntsu dabiltza eta.
Lehen proban 45 ontzako bat moztu behar izan zuten kolpeka. Aldape eta Atutxak hagitz ongi ibili ziren, eta 30 kolpe baizik ez zituzten behar izan. Hala ere Larretxeatarrak hurbil-hurbil gelditu ziren bertze 4 kolpe besterik ez baitzituzten behar izan. Bigarren proba ere Bizkaitarrentzat izan zen. 45 ontzako bi enborrak minutu eta 26 segundorekin moztu zituzten. Hor ere Oihan eta Garikoitzdenbora anitzik ez zuten galdu, 19 segundo hain zuzen ere. Hirugarren proban zutikako 45 ontzako enbor bat moztu beharra zuten, eta hor gure eskualdekoak izan ziren nagusi, minutu bat eta 45 segundoko denborarekin. Faboritoek bertze 17 segundo behar izan zituzten. Hirugarren proba hau bukatzean bazirudien beratarra eta arraioztarra ezustea ematen ahal zutela, baina ondoko proban berriz ere Aldape eta Atutxa izan ziren nagusi. 60 ontzako etzanda minutu eta 45 segundorekin moztu zuten, eta Larretxeatarrek berriz minutu eta 58 segundorekin. Azken aurreko proban 36 ontzako bi enbor zituzten mozteko, eta berriz ere guttigatik bazen ere, bizkaitarrak lehengusuei bertze 27 segundo kendu zizkieten. Iraupeneko proba gelditzen zela, Larretxeatarrak gibeletik zihoazen, baina oraindik ezustekoa posible zen. Zoritxarrez azken proba huntan ordu-arte egindako indarra ordaindu zuten. Bizkaitarrek, 45 ontzako bi enborrak, 54ko bertze bi eta 60 ontzako azken bien mozteko 12 minutu eta 44 segundo eman zituzten, eta Larretxeatarrek kasik lau minutu gehiago. Iraupeneko proba 16 minutu eta 33 segundoz bukatu zuten. Kontuak egiterakoan lan guzien egiteko Aldape eta Atutxak 20 minutu eta 22 segundo behar izan zituzten, eta Oihan eta Garikoitzek berriz 24 minutu eta 53. Hala ere, gure eskualdeko aizkolariek maila ona erakutsi zuten aurten bizkaitar hauei irabazten gai izan daiteken bikote gutti baitago, edo batere ez.