“Urtzaingizen, urtzaingizen, zingar-arraultze, bat ezpada bertze, biyek hobe”. Horixe adituko da ortzegun honetan herriko karriketan. Ilusioz abestuko dute haurrek urtatxak biltzeko abesti ezaguna, etxez etxe eskean dabiltzan bitartean. Horixe izanen da inauterietako lehen ekitaldia.
Goiz osoa etxez etxe eskean pasatu ondotik, plaza bazterrera bilduko dira haurrak arratsaldean. Urteroko ohiturari segituz, herrian barna kalejira eginen dute, trikitilari eta musikariekin lagunduta. Auzoetan geldialdiak eginez, antzerkiak eskainiko dituzte, bertara bildutako herritarrek ikusteko. Egun handia izaten da herriko ttikienentzat Ortzegun Gizena. Eskolan aspalditik dabiltza antzerkiak entsaiatzen eta ilusioz agertzen dira beti jendaurrean. Urtetik urtera antzespen ederragoak eskaintzen dituzte eta aurten ere bat baino gehiago harrituko da haurren lan bereziekin. Horixe erran digute behintzat, Landagain eskolatik. Hitzordua ortzegunean arratsaldeko 3etan da.
Astelehen eta asteartean nagusiek hartuko dute erreleboa. Etxalarren deitzen zaien bezala, “Haundien iñauteriak” ospatuko dira, otsailaren 19 eta 20an, urteroko ekitaldi eta ohiturekin. Astelehenean 60 bat lagun baserriz baserri eskean ibiliko dira. Goizean elkarrekin gosaldu ondotik, bi taldetan banatuko dira; batzuk goiko auzoetara joanen dira eta bertzeak beheko auzoetara. Eguerdian talde bakoitzak baserri batean eginen du bazkaria; goiko auzokoek Usategietako usazaleen txabolan eta beheko auzokoek Armitxen. Arratsean, Anttonion bilduko dira guztiak afaltzera.
Asteartean orga edo karrozen txanda izanen da. Eguerdi aldera plaza bazterrera agertuko dira hainbat koadrilek egindako karrozak, eta kalejiran ibiliko dira, trikitilari eta bertzelako mozorroekin batera. Eguerdiko bazkaria Herriko Ostatuan izanen da.
Aurten berrikuntza gisa, gazteen arteko jokoak eginen dira astearte arratsaldean. Gazteek eurek antolatuta, parte hartu nahi duten guztientzat irekiak izanen dira. Baldintza bakarrak 16 urte baino gehiago izatea eta ongi pasatzeko gogoa dira.