Abian dira Haur Kantarien Jaialdiak 2007. Kantuan aritzea gustuko dutenek, lehiaketetako presioak alde batera utzi eta gozatzeko aukera izanen dute martxoaren 3tik aitzinera Nafarroako hainbat herritan eginen diren saioetan.
Euskal Kantuzaleen Elkarteak Nafarroan euskaraz abesteko dagoen ohitura aberatsa mantendu eta bultzatzeko asmoz antolatu duen ekitaldia da kantari jaialdia, haurrei espresuki bideratua. Izena emateko epea martxoaren 1a bitarte egonen da irekia.
Horretarako Euskal Kantuzale Elkartearekin jarri beharko du harremanetan: 948 141812 telefonora deituz edo euskokultur@terra.es helbidean.
Helburua argia da: kantuarekin ongi pasatzea. Bide batez, Haur Kantarien Txapelketak ematen duen presioa kendu nahi dute antolatzaileek, «kantua ez delako lehiatzeko, disfrutatzeko baizik». Gisa berean, kantatzeak ematen duen gozamena ere hedatu nahi dute. Hala, hainbat txokotan antolatu dituzte ekitaldiak.
Aukeran, bakarka, binaka edo taldeka, eta abestia zaharragoa, berriagoa edo norberak sortua. Jaialdian parte hartzeko ikastetxe bakoitzak bi talde, bikote bat eta bakarlari bat aurkeztu ahal izanen ditu. Partaide bakoitzak kanta bat eginen du, norberak aukeratutako abesti bat.
Euskal Kantuzaleen Elkartetik jakinarazi dutenez, aurtengo aurrekontua 12.000 euro ingurukoa da, eta kopuru hori Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Kutxak eta Baztan, Lizarra, Lekunberri, Antsoain eta Iruñeko Udalen laguntzekin lorduko da.
Jaialdiko lehen saioa elizondon eginen da martxoaren 3an
Aipatu bezala, eskualdean irekiko da Haur Kantarien Jaialdia, Elizondoko Lur aretoan, martxoaren 3an, 18:00etan. Hurrengoa, martxoaren 10ean eginen da, 11:30etan, Lizarrakoko Golem zinemetan. Martxoaren 17an, Lekunberriko 31 Aretoan izanen da 18:00etan. Antsoaingo saioa, berriz, martxoaren 24an eginen da, 18:00etan.
Martxoa kantuan igaro ondotik, bukaerako saioa apirilaren 1ean eginen da Iruñeko Gaiarre antzokian. Saio bakoitzera inguruko partaideak joanen dira. Azken saiora, berriz, aitzineko saioetan nabarmendutako partaideak. Aipatu, bukaerako saioaren ondoren, interpretatutako kantekin disko bat grabatzea aurreikusi dutela jaialdiko antolatzaileek.