Gizarte Zerbitzuak eta laneko arriskuak

Utzitako argazkiak 2007ko otsailaren 12a

Azken bolada honetan asko hitz egiten da laneko istripuei buruz, eta gehienetan lantokietan, edo tailerretan gertatzen diren istripuak aipatzen dira. Badira ordea, beste lan batzuk zenbait berezitasunekin, eta beraz, arrisku berezi batzuekin. Talde honetan aurkitu dezakegu Gizarte Zerbitzuetan lan egiten dugunon sektorea.

Duela gutxi azaldu zen prentsan, Gasteizen, gizarte langileekin gertatutakoa; presioak, mehatxuak, ziurtasun falta, eta abar. Lan honetan gizarteko sektore marginatuenekin, behar gehien dutenekin, arazo larriak eta egoera gogorrenetan daudenekin topatzen gara. Hauen beharrei aurre egiteko goiko entitatetik eskaintzen diren baliabideak banatu behar dira. Eskaintzen dena eta eskatzen denaren arteko tirabira horren erdian gaude, askotan babes faltan eta presio handiarekin.

Horrez gain badaude beste arrisku batzuk, batez ere etxez-etxeko zerbitzuan ematen direnak. Lan fisikoa eta psikikoa ere bada, gogorra, laguntzea beti ez baita erraza; gorputzaren nekea kargak ibiltzeagatik, buruko nekea egoera larriak bizitzen direlako (heriotza, gaixotasunak, bakardadea, ezintasuna eta menpekotasunak...).

Honi gehitu behar zaio denbora aldetik mugatuak gaudela, ordutegi estuak, batetik bestera joan beharrak, kotxea hartu beharra gehienetan... eta ondorioz honek dakarren estresa.

Hain zuzen, kotxearena da nire ustez arriskurik larriena, baina gutxien kontatzen duguna. Negua dakorkigu, elurra, izotza, euria, eta hau dena gu ibiltzen garen bideetan, errepidean zein baserrietako pistetan. Behin baino gehiagotan gertatu izan zaigu kotxea irristatu zaigula, kunetara joan garela, ezin pasatuz geratu garela... Nozbait istripuren bat izan da, baina langileari ezer larririk gertatu gabe. Eta zerbait larria gertatu izan balitzaio? Maldan behera joan eta bertan gelditzen bada? Edo bere bizi guztirako elbarrituta gelditu? Hainbesteraino joan gabe ere suertatzen ahal da kotxea «bakarrik» kaltetzea, eta orduan guk hartu behar dugu gure gain konponketaren ordaina?

Kontuan hartu behar da gure kotxeekin lan egiten dugula. Egia da kilometrajea ordaintzen zaigula baina ez dut uste honek babesten gaituenik honelako kasuetan, gainera gaur egun erregaiek daukaten prezioa ikusi eta, murritza geratzen da. Hori kontuan hartu gabe geure autoei eragiten diegun desgastea, edo gure bikoteakidearean autoari, edo gure gurasoen autoari, edo lagunarenari, gurea matxuratuta dagoenean. Arazo hau beharbada hirietan ez da ematen, baina mendialdean eta herri txikienetan batez ere, sakabanaketaren ondorioz, baserrietan adibidez, larria eta gogorra egiten da. Horri gaineratu behar zaio bakoitzaren lan egoera, edo lan prekaritatea; aldi baterako lan kontratuak, ordezkapenak, lanaldi ez osoak eta abar. Pentsa, aste bateko ordezkapena egiten ari den batek istripu bat izaten duela, nahiz eta minik ez hartu, kotxerik gabe gelditzen dela, nor arduratuko da?

Zer egin orduan? Lehenengo, arrisku hauetaz jabetu, egunero bizitzen ditugula ikusi, tokian tokiko berezitasunekin. Honen aurrean prebentzia landu (lanaren antolakuntza, baliabideetan...) babesak bilatu zerbait gertatzen denerako, aseguruak, bai kalte pertsonalendako bai kotxearendako...

Lana berez gogorra da, ez dezagun oraindik gogorragoa egin. Gutxienez onartu beharko lirateke guk, langileok, ditugun eskubide batzuk, hau da behar den bezala babestua egotea, eta ez gure sakelekin edo gure biziarekin ordaintzea. Badirudi Gizarte Zerbitzuen sektore honetaz inor ez dela gogoratzen lan arriskuei buruz solasterakoan, baina hor daude eta neurriak hartu behar dira.

Hausnarketarako balio dezala, guretzat sektore honetako langile bezala, eta gehienbat instituzio desberdinentzat, beraientzat lan egiten dugulako eta nire ustez beraiek arduratu behar dutelako neurri handi batean.


Ana Mª Indaburu(EEZko Familia Langilea eta ordezk. sindik.)

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun