Cederna-Garalurrek 15 urte bete ditu toki-garapena indartzen

Goizalde URDANPILLETA 2007ko ots. 12a, 17:20

Elena Irigoien, Izaskun Abril eta Arantxa Arregi, Cederna-Garalurrek eskualdean dituen garapen agenteak. Goizalde URDANPILLETA

Nafarroako mendialdeko lurralde lankidetza

Nafarroako Mendialdean, Cederna-Garalur elkartea bortz helburu zehatzekin ari da lanean, Nafarroako Mendialdea deritzon lurralde garapena erdiesteko. Sakanatik hasi eta Orba eskualderaino, Goñi bailaratik Bidasoaraino. Helburuak hauexek: kalitatezko lanpostuak sortzea, egitasmo berritzaileak garatzea Nafarroako mendialdearen garapena bultzatzeko, teknologia berriak hurbiltzea eta lurralde osoan komunikazioa hobetzea. Egitasmo horiek lortzearren lan egitea izan da Cederna-Garalurren helburu nagusia 15 urte hauetan. Helburu hauek betetzen joateak aunitz ikusteko du urte hauetan elkarte barruko bazkideen elkarlanarekin. Gure eskualdeari dagokionez, 15 urte hauen balorazio bat egin digute Izaskun Abril, Elena Irigoien eta Arantxa Arregik, Baztan-Urdazubi-Zugarramurdi, Leitzaran-Larraun-Ultzama eta Bortziriak-Malerreka-Bertizaranako garapen agenteek, hurrenez hurren.

zalde URDANPILLETA Cederna-Garalur irabazi asmorik gabeko erakundea da eta 1991.ean eratu zen garapen endogenoa bulkatzeko, herrien arteko elkarlanen bidez. 1.900 kilometro koadroko eremuan lan egiten du. Nafarroako iparraldearen zati bat hartuz, eta 80.000 herritarrengana ailegatuz. Zehazki, Sakana, Leitzaran, Larraun, Ultzama, Bortziriak, Malerreka, Bertizarana, Baztan, Urdazubi, Zugarramurdi, Auritz, Orreaga, Luzaide, Aezkoa, Erroibar, Esteribar, Erronkari, Zaraitzu, Nabaskoize, Agoitz, Irunberri, Zangoza, Orba eta Olloko eskualdean lan egiten du. Batetik bertzera hagitz diferenteak diren herriak dira. Izaskun Abrilen hitzetan,«garapen agente bakoitzak gure zonaldera egokitu behar izaten dugu, nire kasuan ez delako gauza bera Baztan bezalako udalerri batean aritzea edo Zugarramurdi eta Urdazubi bezalako udal ttikiekin aritzea». Elena Irigoienek ere aldea nabaritu du. Leitzaldea, Larraun eta Ultzaman ibiltzen da bera: «Herri ttiki asko, eta ondorioz, aniztasun handia. Batzuk industriatik bizi dira, eta besteak nekazaritzatik turismorako saltoa egiten ari dira».

Gaur egun 150 bazkide ditu Cedernak: udalak, enpresari erakundeak, langileen sindikatuak, nekazal erakundeak, landa turismo, kirol eta kultur entitateak eta fundazioak. Gisa berean, egitasmo eta ekinbideak sostegatzen dituzten hainbat entitate laguntzaile daude. Zaila da 15 urteotan egindakoa biltzea baina gaur-gaurkoz hagitz ezagun dira zonaldean. Bortzirietan, erraterako, «jende aunitz» etortzen dela azaldu digu Arregik.

Batzuk egitasmo argiekin hurbiltzen dira Cedernara, proiektu bat garatzeko. Bertze batzuk, ideia bat buruan, eta hura garatzeko laguntza bila. Lan orientazio zerbitzua ere eskaintzen du, formakuntza hartu eta lan munduan aukera izateko bideratua. Abrilen arabera, «zonaldeko beharrak Cedernan islatzen dira, eta bertako teknikariok Nafarroako Gobernuarekin eta bertze erakundeekin elkarlanean proiektu horiei erantzuna ematen saiatzen gara. Zubi-lana azken batean».

Lankidetza hitzarmena izenpetu dute Ttipi-Ttapa Fundazioak eta Cederna-Garalur elkarteak

Ttipi-Ttapa Fundazioak eta Cederna-Garalur agentziak sinatu berri duten lankidetza hitzarmenari esker, herritarren interesekoak izaten ahal diren subentzio eta laguntzen informazio zehatza eskainiko da aurrerantzean Ttipi-Ttapa Fundazioak kudeatzen dituen hiru hedabideetan: www.ttipi.net egunkari digitalean, Ttipi-Ttapa aldizkarian eta Ttipi-Ttapa telebistan.

Lankidetza hitzarmenean adostutakoaren arabera, Cederna-Garalur elkarteak eta Europe Direct zentroak herritarrendako interesgarria den informazioa bidaliko dio astero Ttipi-Ttapari. Zehazki, informazio horien artean honako hauek egonen dira:
• Indarrean dauden laguntza eta subentzioei buruzko informazioa.
• Indarrean dauden europar programei buruzkoa.
• Entitateak eta erakundeak bilatzeko informazioa, europar proiektuetan bazkide izateko.
• Nafarroako mendialdean garatuko diren eta Europako beste eskualdeetan ezagutu nahi dituzten proiektu, ekintza eta /edo jarduera eskaerak.
• Europako Batzordeak eta Europar Batasuneko beste erakundeek bultzatzen dituzten deialdiak, jarduerak eta ekintzak.
• Europar Batasunari buruzko berriak.
• Cederna-Garalur elkarteko Europe Direct zentroak antolatzen eta kudeatzen dituen ekintzak eta jarduerak.

Orain arte aipatutakoaz gainera, urtean zehar gai monografikoen inguruan 4 erreportaje ere argitaratuko dira Ttipi-Ttapa aldizkarian. Izan ere, Cederna-Garalur garapen agentziak antzeman duenez, erabili ohi dituzten komunikazio bideekin «ez dira herritarrengana, oro har, iristen, eta oso baliagarria den informazioa galdu egiten da». Hutsune hori betetzera dator lankidetza hitzarmen hau, «Ttipi-Ttaparen hedapenak agerian uzten duelako informazioa helarazteko duen gaitasuna».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun