Boluntarioen parkeek dirulaguntzak zuzenean jasoko dituzte

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 12a

Herriko alkateek eta Nafarroako Larrialdietarako Agentziak sinatu zuten hitzarmen berria

Nafarroako Larrialdietarako Agentziak eta su-hiltzaile boluntarioen parkeak dituzten zazpi herrietako alkateek diru laguntzak jasotzeko hitzarmena sinatu zuten joan den ortziralean. Bertan izan ziren gure eskualdeko alkateak Helena Santesban Berakoa, Imanol Legarreta Goizuetako, Patxi Saenz Leitzakoa, eta Juan Fermin Mitxelena Lesakakoa. Parkeen ordezkatzeko ere su-hiltzaile batzuk parte hartu zuten, Ibon Elizegi goizuetarra, Ernesto Arraras leitzarra, Jokin Pastor lesakarra eta Manuel Iriarte beratarra. Hitzarmen berri honek, 2004. urteaz geroztik indarrean zegoena ordezkatuko du. Aldaketa honi esker, su-hiltzaile boluntarioen Nafarroako 7 parkeek diru laguntzak zuzenenean jasoko dituzte, mantenamenduko gastuentzat, azpiegitura berriek eragiten dituzten inbertsioentzat baita material berria erosteko ere.

Gaur egun, 143 boluntario daude Nafarroan. Gure eskualdeari dagokionez, Lesakan 29 dira, Beran 22, Goizuetan 22 gehi 16 ikastaroa aurten eginen dutenak, eta Leitzan 19. 2007rako Nafarroako Larrialdietarako Agentziak 460,000 euro inbertitzea aurreikusi du, 280,000 ibilgailu eta azpiegitura berrietan, tartean Berako parkean biltegi berri bat eraikitzea eta Goizuetako parkearen bigaren fasea egitea aurreikusten denean, eta 180,000 euro gastu arruntetan eta mantenamenduan.

Javier Caballero kontseilariak, bilera aprobetxatu zuen martxoaren 8an, su-hiltzaileen egunean, haien artean meritu gehien dutenak sarituko direla jakinarazteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun