23 urte azpitiko Binakako Urrezko Txapelketako lehen finalerdia larunbatean jokatuko da Diman. Larretxeatarrak, Oihan eta Garikoitz, Atutxa II eta Aldaperen aurka arituko dira Dimako Pilota lekuan arratsaldeko 19:00etan. Egin beharreko lana, ligaxkan egin behar zituztenetik aldatuko da, bi enbor gehiago moztu beharko dituzte. Lehen proban, 45 ontzako enborra moztu beharko dute kolpeka, eta ondotik, erlojuaren aurka bertze 45 ontzako bat. Hirugarren proban zutikako 45 ontzako enbor bat moztu beharko dute. Ondoko proba berriz ere etzandako enbor baten moztea izanen da, baina oraingoan 60 ontzakoa. Azken aurreko proban 36 ontzako bi enbor, bata zutik eta bertzea etzanda. Azken proban, iraupenekoan, 6 enbor izanen dituzte mozteko, bi 36 ontzakoa, bertze bi 45ekoa eta azken bi 60koa. Larunbateko finalerdian bizkaitarrak faboritoak dira, gainera etxean arituko dira. Hala ere ,ez da dudarik bi Nafarrek ahal duten guzia eginen dutela ezustekoa sortzeko.
Igandean zortzi jokatuko den bigarren finalerdian ere izanen ditugu eskualdeko ordezkariak, Aurtizko Ander erasun eta Leitzako Jon Rekondo hain zuzen ere. Azken hau bere publikoaren aitzinean arituko da, Amazabal pilotalekuan. Haien aurka joan den urteko txapeldunak izanen dituzte, Mugertza anaiak, Aratz eta Ugaitz. Hala ere nafarrek orain arte txapelketan erakutsi duten mailarekin aukera onak dituzte, beraz ongi arituz gero finalerako txartela lor dezakete.