Renobales Elizalde eta Elurbe Garmendia neurtuko dira aurtengo elite mailako finalean

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 8a

Helduen bigarren mailan, Burlatako bi talde arituko dira, Garcia Girones eta Txorraut Irazeburu

Atzo arratsean jokatu ziren Erreka kirol elkarteak antolatzen duen Malerrekako V Eskuz Binakako final erdiak helduen mailan. Bigarren mailan, Burlatako Garcia eta Girones, Erreka Txokoko Borda eta Indurainen aurka aritu ziren. Partida gogorra izan zen, baina lau pilotarien artean Burlatako atzelaria hagitz ongi aritu zen duen kolpea ederki baliatuz. Borda eta Indurain defentsan ahal zuten guzia eman bazuten ere, azkenean hetsi behar izan zuten, eta azkenean Iruñerrikoak 22 eta 13 nagusitu ziren. Bigarren finalerdian, finalerako txartela Burlatako Txorraut eta Irazeburu, eta, Errekako Babaze eta Urrutiaren artean jokatu zen. Lehenak ederki aritu ziren, batez ere Txorraut aurrelaria. Tanto hagitz politak egin zituen bere atzelariaren lana ederki baliatuz. Bestalde malerrekarrek ez zuten egun ona izan. Urrutia ikusi ahal izan bazen 7.era ailegatzen ziren kolpe batzuekin, Burlatarren nagusitasuna nabarmendu zen, eta 22 eta 7 irabazi zieten etxekoei. Beraz, emaitza hauek ikusi eta, martxoaren 10ean jokatuko den finalean Burlatako bi talde izanen ditugu aurrez aurre, alde batetik Garcia eta Girones, eta bertzetik Txorraut eta Irazeburu.

Elite mailan ere, norgehiagoka ederrak ikusi ahal izan ziren. Lehen final-erdia Erreka eta Zugarralde taldeetako Iraola eta Urzainki, Amezketako Elurbe eta Garmendiaren aurka izan zen. Nafarrak ongi hasi ziren, baita markagailuan 5 eta 1 aitzinatu ere. Baina zoritxarrez egoerak ez zuen iraun, hortik aitzinera Tolosaldekoek agindu zuten. Berdindu eta gero, pixkanaka-pixkanaka aldea handituz joan ziren, 16-10, 20-12 eta azkenean 22-13. Zazpi Iturriko atzelariak, Garmendiak argi erakutsi zuen osasun bete-betean dagoela, pilota luzeak eta motxak aldizkatuz segurtasun handiarekin. Aitzinean, Elurbek ere partida polita egin zuen, bai erasoan, baita defentsan ere. Aurkariek, Iraola eta Urzainkik ez zuten norgehiagoka txarra egin, baina suertea eta esperientzia faltatu zitzaien. Bigarren final-erdian, Tolosako taldearentzat ari ziren Renobales eta Elizalde, Irurtzun eta Tolosako Ongay eta Landibarren aurka aritu ziren. Lehenek hasiera-hasieratik maila hobea zutela erakutsi zuten, batez ere Tolosako aurrelariak, eta aurkariei aukerarik utzi gabe 22 eta 9 nagusitu ziren. Renobalesek partida ikaragarria egin zuen, dituen kalitate guziak agerian utziz. Atzean berriz Elizaldek segurtasun handiz aritu zen, falta gutti eginez. Landibarek, Burlatako atzelariak, ez zuen partida txarrik egin, baina aurkariek lan handia eman zioten, eta batzutan zaila egin zitzaion haien kolpe handiei erantzutea. Ongay, eskuan min hartuta zegoen Arraztoaren ordez aritu zen, baina gauza handirik ezin izan zuen egin Renobalesen bihurrikerien aurka. Aurtengo txapelketari bukaera emateko Renobales eta Elizalde, Elurbe eta Garmendiaren aurka arituko dira txapel nagusia jokoan izanen dutelarik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun