Zubieta eta Iturengo Udalen Batasunak, administrari-laguntzaile bat kontratatu nahi du, Amaia Otxandorenaren amatasun-baja betetzeko. Amatasun-baja hau martxo hasiera aldera hasiko da eta kontratuaren iraupena, hasiera batean, 17 astekoa izanen da, hau baita amatasun-bajaren iraupena. Kontratua luzatzen ahal da, ordezkatzen den langilea, edozein arrazoi dela medio, berriz lanean beranduago hasten bada. Lanpostua lortu nahi dutenek Eskola Graduatuaren titulua nahiz Lanbide Heziketako lehen mailakoa edo baliokideren bat izan beharko dute, euskaraz jakin eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuan inskribatuak egon, enplegu-eskatzaile gisa. Kontratua lanaldi erdikoa izanen da, lau ordu eguneko, 9:00etatik 13:00etara, astelehenetik ostiralera. Zubieta eta Iturengo Udaletxeetan eginen du lan langileak, udaletxe bakoitzean bi ordu eguneko.
Interesatuek, eskabideak aurkeztuko dituzte Zubietako Herriko Etxean, otsailaren 23ko goizeko 11k baino lehen. Eskabideari atxiki beharko diote curriculuma dokumentatua. Froga ezberdinak otsailaren 26 eta 27an eginen dira Zubietako eskolan. Hautaketa froga hauek guziak baztertzaileak izanen dira. Otsailaren 26an, astelehena, goizeko 9:00etatik aitzinera euskara frogak eginen dira, ahozkoak eta idatzizkoak. Otsailaren 27an, asteartea, Toki Administrazioko gaiei buruzko ezaguera neurtuko da, zenbait galdera labur edo test bat idatziz erantzunez. Segidan, informatikako ezagupenei eta toki administrazioan duen aplikazioari buruzko froga eginen da.