Zubietako errotan aritzeko bi lagun behar dira

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 8a

Urtaroen arabera lanaldi ezberdinak eskainiko zaizkie

Zubietako Udalak, zerbitzu anitzetako bi langile kontratatu nahi ditu, errotan ehotze lanak, kanpo eta barrualdeko garbitasuna, instalakuntzen mantenamendua, sarrerak kobratu, bisita gidatuak eskaini eta gisako lanak egiteko. Kontratuaren iraupena, hasiera batean, 10 hilabetekoa izanen da, martxoan hasita. Lanpostua lortu nahi dutenek eskolaritate ziurtagiria edo baliokideren bat izan beharko dute, euskaraz jakin eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuak inskribatuak egon, enplegu-eskatzaile gisa. Euskara dakitela frogatzeko, Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako Gaitasun Ziurtagiria edo ofizialki baliokidetzat jotzen den titulazioa aurkezten ahal da, edo bertzenaz izangaiak hizkuntza maila aski duen zehazteko frogak gaindituz.

Interesatuek, eskabideak aurkeztuko dituzte Zubietako Herriko Etxean, otsailaren 23ko goizeko 11:00k baino lehen. Eskabideari atxiki beharko diote curriculuma dokumentatua. Hautaketa egiteko euskara probak otsailaren 26an, 9:00etan eginen dira eskolan. Otsailaren 27an, ordu eta leku berean, egin beharreko lanei buruzko ezaguera neurtuko zaie hautagaiei, zenbait galdera labur edo test bat idatziz erantzunez. Egun horretan ere epaimahaiarekin elkarrizketa eginen dira eta lanpostuarekin erlazionatuak dauden gaitasunak baloratuko dira.

Urte sasoiaren arabera, langileek lanaldi ezberdinak izanen dituzte. Behe-sasoian, astelehenetik ostiralera, goizeko 11:00etatik 13:00etara, eta larunbat, igande eta jaiegunetan, 11:00etatik 14:00etara, eta arratsaldeko 16:00etatik 18:00etara bitartean ariko dira. Sasoi honetan, langile batek lan egingo du 7 egunetan, eta besteak hurrengo 7etan, astean bat bai eta bestean ez, beraz. Horrela, 20 lanordu beteko dituzte bi astez, lanaldiaren %27,59a. Ekainaren 15etik uztailaren 14a arte goizetan 11:00etatik 14:00etara eta arratsaldez 17:00etatik 20:00etara bitartean ariko dira. Hilabete horretan ere aste batean bat eta hurrengoan bertzea ariko dira, baina ordu gehiago izanen dituzte, 42 lanordu beteko baitituzte bi astez, hau da, lanaldiaren %57,94a. Udan, azkenik, uztailaren 15etik irailaren 14a arte, goizetan 11:00etatik 14:00etara eta arratsaldez, 17:00etatik 20:00etara arituko dira. Horrela, 33 lanordu beteko dituzte astean, egun bat eta erdiko atsedenaldia kontuan hartuz. Honek suposatzen du lanaldiaren %91,03a. Sasoi honetan bi langileek batera eginen dute lana, bisitari anitz izaten baita.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun