17 bertsolari saiatuko dira Silveirari txapela kentzen

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 8a

Nafarroako Bertsolari Txapelketa inauteriak bukatu bezain laster hasiko da Etxarrin

Inauterietako hotsak bukatzearekin batera hasiko da Nafarroako Bertsolari Txapelketa 07, otsailaren 24an. Batzuk brometarako gogoa atzendua izanen dute ordurako. Hilabeteko ibilbidea egin ondotik zenduko da martxoaren 24an, Elizondon. Aurtengoan 36. edizioa beteko du Nafarroako txapelketak.

Etxarri Aranazko Kultur Etxean hilaren 24an arratsaldeko 6etan hasiko den lehen final-aurre honetan Iñigo Olaetxea, Jon Barberena, Bittor Elizagoien, Julio Soto, Oier Lakuntza eta sailkapen fasetik datoren bertsolari bat ariko dira. Bigarren final-aurrea Goizuetako udaletxean eginen da, 18:00etan. Julen Zelaieta, Joxe Juan Zubieta «Etxabe», Diego Riaño, Iñigo Ibarra, Jon Elizetxe eta sailkapen saioko bertsolari bat ariko dira. Martxoaren 10ean, Berriozarko Musika Eskolan 18:00etatik aitzinera eginen den final-aurrean Xabier Silveira, Erika Lagoma, Migel Mari Elosegi «Luze», Oskar Estanga eta sailkapen fasetik datozen bi bertsolari ariko dira. Final-aurretatik 8 bertsolari sailkatuko dira finalerako. Final-aurre bakoitzeko lehena eta gainerako bortzak puntuen arabera. Final nagusia berriz, Elizondoko Lur dantzalekuan izanen da, martxoaren 24an, larunbatarekin, 17:30etik aitzinera.

Bertsolariek egin beharko duten lanari dagokionez, final-aurretan zortziko handian binaka gaia emanda hiruna bertso, zortziko txikian binaka ofizioka hiruna bertso, hamarreko txikian binaka ofizioka hiruna bertso eta kartzelan, bi punturi erantzun eta gai bati bi bertso kantatu beharko dizkiote.

Finalean, berriz, zortziko handian binaka gaia emanda hiruna bertso, zortziko txikian binaka ofizioka hiruna bertso, sei puntuko motzean binaka ofizioka hiruna bertso eta kartzelan, bi punturi erantzun eta gai bati bi bertso kantatu beharko dizkiote.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun