Arrantza denboraldia bi aste beranduago hasiko da

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 7a

8. izokina ateratzean ez da denboraldia eteteko

Ia ohitura bilakatu den bezala aurtengoz ere arrantza arautegia aldatuko dute. Aldaketa nabarmenenak bi izanen dira, batetik 8. izokina aterata geroko etenaldiaren neurria ez dute berrituko, eta bestetik, denboraldi irekiera bi astez atzeratuko dute, apirilaren batera hain zuzen ere.

Joan den urtean arrantzaleengandik hainbat kritika eta manifestazio eragin zuen denboraldia eteteko neurria deuseztatu dute 2007. urterako. Iaz Jose Luis Lopez Gipuzkoarrak 8.garren izokina atera zuenez gero, apirilaren hondarreko aldean, denboraldia eten zuten ekainaren 15a arte, bi hilabetez arrantzale guziak etxean egotea behartuz.

Irekiera apirila arte atzeratzea berriz, amuarrain arrantzarekin lotua da. Ingurumen sailak urtero egiten dituen kopuru zenbaketek argi erakutsi dute amuarrainak garai txarra pasatzen ari direla. Datu horien arabera, 2006an 2.200 amuarrain zenbatu zituzten hektareako. Kopuru oso ezkorra, ikusiz, 1992az gerotik, zenbaketak egiten direnez geroztik, zenbaki apalena dela. Urte batez %31 jaitsi da, 3.100 hektareakotik 2.200 hektareakora. Emaitza hauek kontuan hartuz, Ingurumen sailak irekiera atzeratzea erabaki du. Ohi zenez, arrantzaleek denboraldia martxoaren hirugarren igandean hasten zuten, baina aurten gehixeago itxaron beharko dute.

Iaz arrantzatzen ahal ziren izokinen kopurua 75etik 50era jaitsi bazuten aurten bere horretan geldituko da, eta 50.garena ateratzean, denboraldia bukatutzat emanen da.

Kasu batzuetan ingurumen sailekoek hetsi badute arrantzale batzuen eskakizunen aitzinean, kritika aunitz jaso duen arpoitxoak dituzten amuekin aritzearen debekua altxatzea ez dute lortu, eta iaz, eta duela bi urte bezala ezingo da gisa horretako amuekin aritu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun