Lurralde Antolaketaren Bigarren planaren berri emanen dute Donezteben

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 7a

Bilera publiko zabalari zuzendua da baina batez ere tokiko erakunde eta eragile guziei

Heldu den ortziralean, arratsaldeko 17:30ean gure eskualdeari dagokion Lurralde Antolaketa planaren berri emateko bilera eginen da Doneztebeko Juansenean. Nafarroako Etxe-lurren sozietate publikoaren bitartez, Ingurumen Sailak eta Etxebizitza eta Lurralde Antolamenduko Sailak osatzen ari diren Lurralde Antolaketa Plana izanen dute aipagai: Zer metodologia segitzen duten, nola parte hartu daitekeen, eta zeintzuk diren kontuan hartzen dituzten ezaugarriak. Gai horretan Nafarroa 5 zatitan banatu dute, eta gure eskualdean Nafarroa Atlantikoko zonaldean sartzen da. Gisa horretako bilerak publiko zabalari irekiak dira baina batez ere, tokiko erakunde, udal, eta ekonomia eta gizarte eragileei, etorkizunean gure bazterrak marrazten parte hartuko duten guziei. Hori dela eta, Lurralde Antolaketaren bigarren plana idazten ari den taldearen zuzendariak, Maria Urmeneta arkitektoak, gure eskualdeko plana zertan den aurkeztuko du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun